Zortzigarren Zinexit zinema erakusketa, herriz herri

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatuta, zortzigarren Zinexit zinema erakusketa egin berri dute Bilbon, azaroaren 6tik 9ra. Datozen egunetan, baina, Getxon, Gasteizen, Barakaldon eta Basaurin eskaniko dituzte aurtengo edizioko dokumentalak, eta ostean, solasaldian parte hartzeko aukera izango da.

ZINEXIT-2017-Zinea-01

Bost lan proiektatu dituzte aurtengo Zinexit jaialdian, horietako bat, euskal ekoizpena: Unax Blancok zuzendutako Zuk dokumentala. Aitor Gametxoren gidoia du filmak, eta Asier García arduratu da ekoizpenaz. CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Marítimo Humanitario euskal erakunde, elkarte eta plataformetako kideak migrazioaren krisiari aurre egiteko ari dira lanean, eta dokumentalak haien lana eta esfortzua jaso nahi izan ditu.

Zuk dokumentalaz gain, dena den, Tonislav Hristov zinegilearen The Good Postman ekoizpen bulgariarra, Turkiako mugan kokatuta dagoen Great Dervent herrixka bulgariarrak bizi duen errealitateari buruzkoa; Les Sauteurs (Moritz Siebert, Estephan Wagner eta Abou Bakar Sidibé) dokumental danimarkarra, Marokoko muga Gurugundik zeharkatzen ahalegintzen diren etorkinen errealitate gogorraz; Marija (Michael Koch) fikziozko film suitzarra, Ukrainiatik Alemaniako Dortmund hirira emigratu duen Marija gaztearen ametsei eta zailtasunei buruzkoa; eta 50 Feet from Syria (Skye Fitzgerald) film labur estatubatuarra, Hisham Bismar AEBetan bizi den siriarrak bere herriko gerra zibilean zauritutako biktimei boluntario gisa nola laguntzen dien erakusten duen proiektua, ere eskaini dituzte.

Filmok Bilboko Azkuna Zentroan izan dira ikusgai iragan astean zehar, eta orain, herriz herri proiektatuko dituzte hil amaierara arte. Egutegia ondorengoa izango da:

  • Getxon, azaroaren 10ean, ostirala, Andres Isasi Musika Eskolan 19:30ean: Marija. Solasaldia ostean CEAR-Euskadi elkartearen eskutik.
  • Gasteizen, azaroaren 15ean, asteazkena, Florida Zinemetan 19:30ean: Marija. Solasaldia ostean CEAR-Euskadi elkartearen eskutik.
  • Barakaldon, azaroaren 22an, asteazkena, herriko antzokian 19:00etan: Mediterranea. Solasaldia ostean Amnistía Internacionalen eskutik.
  • Basaurin, azaroaren 22an, asteazkena, Social Antzokian 19:30ean: Marija. Solasaldia ostean CEAR-Euskadi elkartearen eskutik.

Horrez gain, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak BOSA! programa jarri du martxan Zinexit jaialdiarekin batera, eta hiriko DBHko ikasleentzako lau film labur eskaini dituzte: Counter Act (Head eta Jon Affolter, Kanada), Gurugú (Telmo Igorri, Maroko), La niña bonita (Julieta Cherep, Espainia) eta 17 años juntos (Javier Fesser, Espainia).

Haurrentzako, halaber, Printze Txikia (Mark Osborne) animaziozko filma eskaini dute euskaraz, Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez.

Informazio gehiago behar izanez gero, sartu programan.