Genero ikuspegiak Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan izandako ibilbidea kazetaritza ikuspuntu batetik aztertuko duen dokumentala osatzeko, 8.000 euroko Martin Ugalde beka jaso dute Kattalin Miner Perezek, Maddi Altuna Galfarsorok eta Danele Sarriugarte Mochalesek. Urtebeteko epea izango dute azterketa egin eta dokumentala aurkezteko.

Argazkia: Andoni Canellada. ARGAZKI PRESS.

Argazkia: Andoni Canellada. ARGAZKI PRESS.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak, Jakin Fundazioak eta Andoaingo Udalak Martin Ugalde beka deialdia zabaltzen dute bi urtean behin. Bi gairen inguruko ikerketa egiteko aukera eskaintzen dute bertan: Martin Ugalde bera ala euskal kazetaritzarekin gaineko ikerketa. Dena den, deialdi bakoitzean gai zehatz bat proposatzen dute, eta aurtengoan Euskaldunon Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina aztertzeko aukera eskaini dute.

Bada, atzo, azaroak 8, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin zuten bekaren entrega-ekitaldia, eta hiru ikerlariek Izaskun Landaida Emakunedeko zuzendariaren, Alberto Barandiaran Hekimen elkarteko zuzendariaren eta Maite Asensio Berria egunkariko kazetariaren eskuetatik jaso zuten saria. Epaimahaia, osstera, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak, Martin Anso Elkarreko editoreak, Larraitz Ariznabarreta Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Irene Arrarats Berriako zuzentzaile taldeko arduradunak eta Beatriz Zabalondo EHUko irakasle eta Berriako Administrazio Kontseiluko lehendakariak osatu dute.

Egileen hitzetan, urtebeteko epean osatuko duten ikus-entzunezko proiektuak hiru ardatz izango ditu: Batetik, genero ikuspegiak eta genero gaiek egunkariotan izan duten bilakaera aztertuko dute. Bestetik, bilakaera horrek irakurleengan izandako eragina neurtuko dute, eta azkenik, mugimendu feministek eta beste hartzaile batzuek lan horren inguruan duten iritzia ikertuko dute. Horretarako, 8.000 euro izango dituzte.

Bekaren emaitza ikus-entzunezko euskarrian aurkeztea erabaki dute, eta honenbestez, elkarrizketetan oinarritutako dokumentala prestatuko dute, 30 minutuko iraupena duena, gutxienez.