The Square

Ruben Östlund zinegile suediarrak Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen maiatzean komedia eta drama uztartzen dituen proposamen arriskutsuarekin. Filmeko protagonista Christian da, arte garaikideari lotutako museo bateko burua. The Square izeneko instalazio bat jarriko du museoaren kanpoko aldean, ustez, museoaren izen ona sustatzeko, baina ikusleek ez diote esperotako harrerarik egingo, eta egoera surrealistak bizitzen hasiko da. Artearen kritika zorrotza egiteaz gain, politikoki zuzena denaren eta adierazpen askatasunaren arteko mugaz jardungo du filmak. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saila zabaldu zuen filmak.

https://youtu.be/zKDPrpJEGBY

Pokot (El rastro)

Agnieszka Holland zinegile poloniarraren dramak, ostera, Poloniako mendietan bizi den Janina Duszejkoren istorioa kontatuko digu. Ingeniari eta astrologo ohia da, eta ikaragarri sufritzen du herriko ehiztariek oreinak, azeriak eta bestelako animalia basatiak hiltzen dituztela ikusitakoan. Gau batean, ehiztari baten gorpua topatuko du bere etxetik hurbil, eta pixkanaka, hilketa gehiago gertatzen hasiko dira. Janinaren iritiz, animalia basatiak egongo dira hilketa horien atzean. Berlingo zinema jaialdian Alfred Bauer saria jaso zuen ekoizpenak, eta Agnieszka Mandat-Grabka aktorearen lana goraipatu dute kritikariek.

The Bookshop (La libreria)

Isabel Coixet zinegile katalanaren berriak, bere aldetik, Penelope Fitzgerald idazlearen The Bookshop eleberria zinemarako egokitu du, eta filmak Frankfurteko Liburuaren Azokako saria eskuratu du, literaturatik egokitutako film onenaren garaikurra, alegia. 50eko hamarkadan, Ingalaterrako herri txiki batean liburu-denda bat zabaldu nahiko du Florence Green izeneko alargun gazteak. Horretarako, herriko etxe zahar baina enblematiko bat hartuko du, eta Christine neskatilaren laguntzarekin, etxea egokitzen hasiko da. Erabakiak harrabotsa  sortuko du hirian, bereziki, Greenek bere dendara ekarritako liburuengatik, hala nola, Fahrenheit 451 eta Lolita.

Happy Death Day (Feliz día de tu muerte)

Tree unibertsitateko ikasle arrunta da. Bere urtebetetze-egunean, Carterren ohean esnatuko da. Bere egoitzara itzuliko da, eguneroko erritmoa berreskuratu nahian, baina egunak ohikotik gutxi duela ohartuko da berehala. Izan ere, deja vu moduko bat bizitzen ariko dela irudituko zaio, gertatzen ari den guztia aurrez bizi izan duela, eta eguna amaitu aurretik, ezezagun batek hilko du, berriz ere, bere urtebetetze egunean esnatzeko. Amaitezina dirudien kiribil horretatik irteteko, baina, hiltzailea nor den asmatu beharko du. Christopher Landonen proposamenak kritika onak jaso ditu AEBetan, eta zinemetan egin zuen lehen asteburuan arrakasta itzela izan zuen.

https://youtu.be/ntxS1bBg5o0

Oro

XVI. mendean, espainiar konkistatzaileak Mendebaldeko Indietara heldu zirenean, 30 bat laguneko taldea Amazonas oihanean murgildu zen El Dorado izeneko urrezko hiria aurkitzeko asmotan. Agustín Díaz Yanes zinegileak zuzendutako proiektuak Arturo Pérez-Reverteren eleberri homonimoa du oinarrian, Lope de Aguirre eta Núñez de Balboa konkistatzaile espainiarren bidaiari buruzkoa. Aktore taldea Raúl Arévalo, José Coronado, Bárbara Lennie, Óscar Jaenada eta Juan José Ballestak, besteak beste, osatu dute.

Yokai Wotchi: Tanjo no Himitsu da Nyan! (Yo-Kai Watch, la película)

Shinji Ushiro eta Shigeharu Takahashi zinegile japoniarrek 2014an aurkeztu zuten animaziozko komedia fantastikoa ere gaurtik aurrera izango da ikusgai gure zinemetan. Keita Amano gazteak kapsula txiki bat topatuko du basoan, eta ostean erloju misteriotsu bat jasoko du. Hala, Whisper izeneko mamua ezagutuko du, eta hark esango dio, erlojuaren laguntzarekin, naturaz gaindiko izakiak, onak zein gaiztoak, ikusteko aukera izango duela. Keitak 60 urte egin beharko du atzera, bere orduko aitona ezagutu eta elkarrekin gizateria salbatzeko.

Musa

Jaume Balagueróren Musa beldurrezko filma Sitgesko zinema jaialdian aurkeztu zuten orain hilabete, lehiaketaz kanpo. José Carlos Somozaren eleberritik abiatuta, Samuel Salomon literatura irakaslearen kasua azalduko du. Gauero erritu baten bidez erailko duten neska gaztearekin egiten du amets. Eta halako batean, emakume hori bera hilik azalduko da. Hilketa gertatu den lekura joango da, eta Rachel izeneko gaztea ezagutuko du; izan ere, Rachelek hiltzailearekin egiten omen du amets. Elkarrekin, kasua argitzen ahaleginduko dira.

Algo muy gordo

Carlo Padial zinegileak metazinea egin du Algo muy gordo dokumental faltsuan. Hala, film baten errodajean jazotako gertaera barregarriak bilduko ditu Berto Romero, Carlos Areces, Carolina Bang, Miguel Noguera eta Didac Alcaraz aktoreekin batera, eta berak ere kameraren aurrera egingo du jauzi.