Kritika: ‘Flatliners’

Flatliners-Irudia-Zinea-01Zuzendaria: Niels Arden Oplev

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Karma coma, ha, jamaica’aroma… Nola usainduko du beste aldeak, zein koloretakoa da, nor dago han, non? Zer aurkituko dugu hil ondorengo ezleku horretan? Ez dago jakiteko modurik, ez delako inor handik itzultzen. Itxaron, edo bai.

Flatliners filmak Joel Schumacker zinegileak 1990ean zuzendutako lanaren bertsio berria eskainiko digu. Bertan, heriotza klinikoaz haratago gertatzen direnen inguruko hausnarketa egingo du. Karma aipatu dut, eta hala da, ezagutzen dugun plano honetan, gure jokabideak ondorioak dituelako. Nolakoak izango dira, baina, ondorioak beste aldean, zerua eta infernua benetakoak al dira?

Galdera horiei aurre egiteko, medikuntza ikasle talde batek moralaren eta legearen mugak gurutzatuko ditu bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finean kokatuz. Erantzunak bilatuko dituzte, arrazoi ezberdinak tarteko, nork berea, baina jokoan sartuko dira, mugak zeharkatzearen jokoan.

Agian, hilda egoteak nor garen hobeto ulertzen lagunduko digulako, gure bekatuak kitatzeko, zer gainditzeko gai garen jakiteko, horri forma emateko, eta hala, dena delakoari aurre egiteko. Bidea hori balitz, ehunka aldiz hilko ginateke, eta karmak erabilpidea luke, eta ez zen gure atzetik ibiliko, ulergaitzak zaizkigun moduetan.

Zuzendariak, baina, zuku eskasa aterako die istorioak eskaintzen dituen irakurketa, gako eta ziraldo guztiei, nahiz eta une batzuetan tramak pantailara lotzea lortuko duen. Beldurrezko generoaren eta thrilleraren artean kokatzen den filma dugu, ikara sortu nahi izango du tarteka, baina ez du guztiz bere tonua aurkituko. Efektu bereziei dagokionez, ez dago gauza handirik aipatzeko.

Filmak istorio argia azalduko digu, eta hori da, ziurrenik, interesgarriena, aktoreek, efektu bereziek eta tonuak ez gaituztelako besaulkian gehiegi mugiaraziko. Plazaratzen duen hausnarketa da benetan interesgarria dena. XIX. mendean gorputza, burmuina, arima oraindik ezezagunak zaizkigulako, eta ezagutza falta horretan dena edo ezer ez gerta daitekeelako. Ez dakigulako zer dagoen haratago, nor sinetsi, zein den diskurtsorik fidagarriena, zientziarena, mistizismoarena, erlijioarena. Ezjakintasuna hutsune erraldoia delako, eta hutsuneak betetzeko joera daukagulako osatuko dugu irudia, hutsuneak betetzeko, zerekin? Ikusteke dago oraindik.