Gasteizko Udalak ikus-entzunezkoei bideratutako laguntza deialdia aurkeztu du

Zinemarako eta telebistarako ikus-entzunezko proiektuak garatzeko, film luze eta laburrak ekoizteko, eta film luzeen gidoiak idazteko diru-laguntza deialdia aurkeztu dute Gasteizko Udaleko Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziak eta Ahal Duguko zinegotzi Juan Cerezuelak. Deialdiaren oinarriak aurkezten diren unetik, 20 egun naturaleko epea izango da eskaerak bidaltzeko.

Gasteizko-Udala-Laguntzak-Zinea

Gasteizko sorkuntza eta kultura industriak garatzeko asmoz, ekimen-sorta bultzatzen ari da Udala, tartean, ikus-entzunezko sektorea indartzeko diru-laguntza deialdi berria. Orotara 100.000 euroko aurrekontua adostu dute, eta laguntzen oinarriak datozen egunetan kaleratuko badituzte ere, deialdiak irautea dute helburu.

Laguntzak lau atal izango ditu:

  • Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzak. 25.000 euro bideratuko dituzte zinemarako eta telebistarako proiektuak garatzeko laguntzetara, eta besteak beste, proiektua prestatzeko eta diseinatzeko lanetan erabili beharko da jasotako dirua: castingak egiten, ikertzen, storyboarda lantzen, etab. Emakumeen partaidetza eta euskararen erabilera kontuan hartuko dituzute proiektuak baloratzerako orduan.
  • Film luzeak ekoizteko laguntzak. 40.000 euroko aurrekontua izango du atal honek, eta fikzioak, animazioak eta sorkuntza-dokumentalak ekoiztera bideratuko dute. Proiektuaren finantzaketa, giza baliabideak, filmaketa Gasteizen egitea, eta gidoiaren kalitatea eta bideragarritasuna hartuko dituzte kontuan, eta proiektu bakoitzak, gehienez, 20.000 euroko laguntza jasoko du.
  • Film laburrak ekoizteko laguntzak. 25.000 euro bideratuko dituzte 60 minututik beherako proiektuak ekoiztera. Gidoien kalitatea, proiektuaren finantzaketa maila eta interes orokorra bezalako alderdiak hartuko dituzte kontuan, eta emakumeen partaidetza eta euskararen erabilera baloratuko dituzte.
  • Film luzeetarako gidoiak idazteko laguntzak. 10.000 euroko aurrekontua baliatuko dute fikziozko eta animaziozko gidoiak sortzeko, baldin eta euskaraz ala gaztelaniaz badira. Tratamenduaren originaltasuna eta kalitatea aztertuko dituzte.

Deialdiaren oinarriak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean kaleratuko dituzte, eta egun horretatik aurrera, 20 egun naturaleko epea izango da deialdira aurkezteko.