Hemezortzi urtez Zinebi Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Jaialdiko zuzendaria izan ostean, urte honen amaieran utziko du kargua Ernesto del Ríok. Ordezkoa, Vanesa Fernández Guerra EHUko ikerlari eta irakaslea izango da, ekimenarekin harremana duen eta azken urteetan egin dituzten berrikuntzetan parte hartu duen gazte durangarra. Azken urteotan jaialdiak bizi izandako bilakaeraz galdegin diogu Del Ríori, eta Fernández Guerrarekin jaialdiaren etorkizunaz eta bere asmoez hitz egin dugu.

Hiriak jasandako bilakaera, areto berrien sorrera, baina bereziki, zinemak euskarri digitalera egindako saltoa izan da Zinebi jaialdiaren azken urteotako erronka nagusia. “Gai horien inguruan ez da gehiegi hitz egiten, baina alderdi konplexuak izan dira”, nabarmendu du Del Ríok. Adinak aginduta utziko du kargua, baina era berean, etapa bat itxi duela eta pertsona berriei lekukoa ematea ezinbestekoa dela uste du.

Fernández Guerrak, bere aldetik, “fikzioaren beherakada” bizi dugula dio, eta genero horretan egiten diren proposamenak ez zaizkiola “horren iradokitzaileak” iruditzen. Aldiz, sortze dokumentalak eta animazioak gora egin dutela, eta proiekturik interesgarrienak genero horietan topatu dituela gaineratu du.

Jarraian duzue elkarrizketaren laburpen-bideoa: