Bloga: Erabakiak

Erabakiak-01

Larunbat arratsaldea da. Aste guztiko neke eta estresak gaindituta, plan baten bila zabiltza. Burura datorkizun lehen aukera lagunekin garagardo batzuk hartzea bada ere, kulturarekin erlazionatutako planen bat egitea erabaki duzu. Txalotzekoa da, izan ere, estatistiken arabera, biztanleriaren gutxiengoak hartzen duen erabakia da.

Zure herriko agenda kulturala begiratu eta dagoen aukera zabalaren aurrean pentsakor gelditzen zara. Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, behin kultur jarduera batean parte hartzeko erabakia hartuta, gehiengoak liburu bat irakurriko du, musika kontzertu batera joango da edota zineman film bat ikusiko du. Operara edo literatura-jaialdi batera joatea dira bururatzen zaizkigun azken jarduerak, eta dantza edo zirku erakustaldi batera joateko aukerak ere nahiko urriak dira.  Behatokiak jarduera horiek aukeratzearen atzean dauden motibazio psikologikoak ere aztertu ditu: zinemara eta kontzertuetara joateko nahi horrek behar emozional eta sozialak asetzen ditu (errutinatik irtetea, sentsazio berriak bizitzea, lagunekin egotea); erakusketetara joateak, ordea, behar sinboliko eta kulturalak asetzen ditu (identitate bat sortzea, autoerrealizazioa, ezagutza hobetzea).

Erabakiak-02

Euskarari dagokionez, datuak ez dira pozgarriagoak; musika deskargatzea da euskaraz gehien egiten den jarduera kulturala. Irakurtzearen eta kontzertuetara joatearen aurretik. Kultura euskaraz kontsumitzearen arrazoi nagusia euskaraz kontsumitzeko interesa bera da, kalitatea kontuan hartu gabe, eta eskaintzaren aniztasuna hobetu beharreko alderdi gisa identifikatzen da.

Erabakiak-03

Baina non dago arazoa? Zein da jendea kulturatik aldentzen duen arrazoi hori? Milaka ikerketa eta galdeketa egin dira historian zehar, eta kultur jarduera batean parte ez hartzearen “errua” prezio altuei egozten diete gehienek. Frogatuta dago, baina, prezioarena, kasu gehienetan, aitzakia bat besterik ez dela (adibide gisa, doako erakusketak, asteko egun batean sarrera librea duten museoak edota gazteentzako prezio murrizketak ditugu). Hainbat ikerketen arabera, kulturarekiko interes falta horrek beste iturri batzuk ditu, adibidez, ohitura falta (etxean ikusi dutena jarraitzea, gurasoak inoiz ez badira operara joan, zaila da haurrak interesa erakustea), edota haiekin bat ez datorren zerbait dela kontsideratzea (“kultura jende inteligentearentzat da”, “nik ez dut ulertuko”, “lekuz kanpo sentituko naiz”).

Erabakiak-04

Gai korapilatsua da kulturarena (hasteko, zer da kultura? Eta nork erabakitzen du zer den kultura?), eta eztabaidarako joko asko ematen du. Baina, kirola edo ariketa fisikoa osasunarentzat beharrezkoa dela onartzen dugun gizarte honetan, noiz iritsiko gara kultura ere maila berean kokatzera? Noiz ohartuko gara kultura ere gizakion osasunarentzat beharrezkoa dela? Bien bitartean, jarrai dezagun antzokiak, museoak, zinemak betetzen, jarrai dezagun kultura sortzen, kulturaz gozatzen.

Erabakia-05