Iragan asteburuan egin zuten Lekeitioko 24 Ordu Digitalean film laburren rallyaren hamabigarren edizioa, eta orotara hamezortzi taldek hartu zuten parte deialdian. Bada, guztien artean, Lapatx taldearen Aurreiritziak filma saritu zuen epaimahaiak, eta finalisten artean geratu ziren Ikusi Makusi taldearen Izan zeu eta Berta Productions taldearen EgunERO. Ikusleen garaikurra, ostera, Atabalak taldearen Molotov lanarentzat izan zen.
Azaroaren 3an, ostirala, Elorrioko Arriola Antzokian bildu ziren parte hartzailek, eta bertan jakinarazi zizkieten aurtengo edizioaren oinarriak. Gaia nortasuna zen; erabili beharreko objektua, ordea, pasaporte bat; eta falta gabe filmean sartu beharreko esaldia, aldiz, “su gaberik ezta kerik”.
Parte hartzaileek 24 orduko epea izan zuten lanak grabatu, editatu eta Arriola Antzokian bertan egin zuten sari banaketa ekitaldian erakusteko. Eserleku guztiak bete ziren, eta hemezortzi taldeen lanak eskaini zituzten.
Ondorengoa da palmaresa:
- Epaimahaiaren sari nagusia (700 euro): Lapatx taldearen Aurreiritziak filmarentzat, “hitzik gabe istorio eder bat transmititzeagatik”.
- Lehen finalista (500 euro): Ikusi Makusi taldearen Izan zeu, “lan freskoa aurkezteagatik eta formatu berritzaileak erabiltzeagatik”.
- Bigarren finalista (500 euro): Berta Productions taldearen EgunERO, “interpretazio borobilak, erakustaldi polita eta erreferentzia zinematografikoak erabiltzeagatik”
- Ikusleen saria: Atabalak taldearen Molotov film laburrarentzat
Lan guztiak ikusgai dituzue jarraian: