Afrika Ezinbestekoa elkartearen ekimenez, Zinema afrikarra: gazteria urbanoa zikloa eskainiko dute Nafarroako Filmotekan azaroaren 3tik 24ra. Nigeria, Mali, Hego Afrika eta Burkina Fasoko hiru film luze eta bi film labur eskainiko dituzte. Izan ere, filmok kritikaren eta nazioarteko jaialdietako audientzien txaloak jaso badituzte ere, areto komertzialetatik kanpo geratu dira, eta horregatik, antolatzaileek Afrikako sorkuntza ezagutzara eman nahi dute Nafarroan.

Zinema-Afrikarra-Zinea-02

Beatriz Leal Riesco irakasle, ikerlari eta komisarioak aurkeztutako eta gidatutako zikloan XXI. mendeko belaunaldi aldaketak Afrikako narratibetan, istorioetan, protagonistetan eta industrietan izan duen eragina aztertuko dute. Hala, azaroaren 3an eskaini zuten Wulu lehen filmean, aberastasuna lortzeko bide erraz eta azkarrak (droga trafikatzeko bide berriak) erakutsi zituen Daouda Caulibaly zuzendariak.

Ostiral honetan, azaroak 10, ostera, Jenna Cato Bassen  Love the One You Love lana izango da ikusgai. Teknologia berriek gure eguneroko bizitzan daukaten eraginari buruz jardungo du filmak, eta, modu lotsagabean, emakumea lan munduan sartzearen ondorioak eta gizarte urbano konplexuetan murgiltzeari lotutako gaiak ere izango ditu aztergai.

Green White Green (Abba Makama) filmak, bere aldetik, gazte talde batek Nollywood pelikula bat nola sortzen duen kontatuko du, eta estereotipoek dakartzaten arriskuak landuko ditu, Nigeriako konplexutasun etniko, linguistiko eta sozio kulturalei buruzko hausnarketa modu komikoan eginez.

Zikloa Cedric Ido zuzendariaren bi film laburrek itxiko dute, eta egilea bera bertan egongo da lanen aurkezpenaz hitz egiteko. Batetik, Hasaki Ya Suda animaziozko laburrak sistema kapitalistak aldaketa klimatikoan eta behartutako desplazamenduetan daukan eragina azalduko du. Bestalde, Twaaga lanak Thomas Sankararen hilketaren ondoren Burkina Fason zabaldu ziren askatasunaren aldeko ametsei buruzko hausnarketa proposatuko du.

Jarraian duzue zikloaren egitaraua:

  • Azaroaren 17an, ostirala, 17:30ean eta 20:00etan: Green White Green (Abba Makama. Nigeria, 2016. 102 minutu).
  • Azaroaren 24an, ostirala, 20:00etan: Hasaki ya suda (Cedric Ido. Burkina Faso, 2010. 24 minutu) eta Twaaga (Cedric Ido. Burkina Faso, 2013. 30 minutu).

Sarrerak 3 euroan eskura daitezke, baina hamar emanaldirako eskaintzak 20 euro balio ditu. Nafarroako Filmotekako leihatilan (saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago irekiko da) edota webgunean eros daitezke. Informazio gehiago Nafarroako Filmotekaren atarian.