Zineuskadi elkarteak eta Laudioko Top Zinemak hitzarmena sinatu dute euskarazko zinema sustatzeko

Zineuskadi elkarteak eta Laudioko Top Zinemak hitzarmena sinatu dute Zinema Euskaraz programak Araban duen presentzia indartzeko. Hala, abendutik aurrera, Zineuskadik euskaraz bikoiztu dituen film gehiago programatuko dituzte udalerriko zinema aretoan. Horrez gain, Laudioko Top Zinemak bere eskaintza berrituko du Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak (EZAE) kudeatu eta Eusko Jaurlaritzak babesten duen Bidaiariak zinera! programarekin, eta horrela, ikusleek hainbat abantaila eta deskontu izango dituzte.

Zineuskadi-Araba-Laudio-Zinea

Akordio berriaren aurkezpena Laudion egin dute, eta bertan izan dira Aitziberi Atorrasagasti (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria), Jose Duarte (Laudioalde Lanbide Eskolan dagoen zinema aretoa kudeatzen duen DECU Audiovisuales y Cultura enpresaren arduraduna) eta Alfonso Benegas EZAEko presidentea.

Zinema Euskaraz programa haur eta nerabeentzako filmak euskarara bikoizteaz eta aretoetara eramateaz arduratzen da. Izan ere, Zineuskadi elkarteak eta EITBk sinatutako akordio batek filmen sustapen kanpaina bideratzen du, eta EZAEk hitzarmenean adostutako pelikulak zinema areto komertzialetan estreinatzea bermatzen du. Euskaraz bikoiztutako nazioarteko dozena bat film estreinatzen dira urtero, gehienak animaziozko filmak. Aurten, Eusko Jaurlaritzak 366.000 euro bideratu ditu programara.

Bidaiariak zinera! egitasmoak euskarazko filmen, euskal ekoizpenen eta europar pelikulen kontsumoa sustatzen du, eta ikusleek bi euroko beherapena lortzen dute promozioaren barne sartzen diren filmen sarreretan. Iaz, bi hilabete eta erdian, beherapena zuten hamabi film ikusteko 20.000 sarrera baino gehiago saldu zituzten.

Hala, Zinema Euskaraz eta Bidaiariak zinera! programez gain, akordioak bestelako saio bat ere sustatuko du: Zinegabonak ekimena. Urtero Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatzen dute, baina aurten, Arabako hiriburuan izan beharrean, Laudioko Top Zineman egingo da ekimena. Bertan, gaztetxoenentzako hainbat jarduera antolatuko dituzte.

Informazio gehiago Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen (EZAE) eta Zineuskadi elkartearen atarietan.