Campos Eliseos Antzokian, 20:00etan, Zoe Berriatúa aktore, gidoilari eta zuzendariarekin gaur bertan, azaroak 3, egingo duten solasaldia izango da Pre-Zinebi zikloko lehen jarduera. Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Elkartearekin antolatutako ekitaldiaz gain, dena den, Zinebi-Express film laburren rallya eta Bilboko zinema eskoletako ikasleen lanak ikusarazteko bi saio egingo dituzte, besteak beste, 59. Zinebi jaialdia hasi aurreko egunetan.

Pre-Zinebi-59-Zinea-02

Azaroaren 10etik 17ra luzatuko da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 59. Jaialdia, baina azken urteetan bezala, festibala hasi aurreko egunetan, Pre-Zinebi izeneko ekitaldi sorta egingo dute. Euskal zinegileekin mintzatzeko solasaldiek, Sara Gómez zinegile afrokubatarrari egingo dioten omenaldiak, Zinebi-Express film laburren rallyak eta Bilboko zinema eskoletako ikasleen lanen bi emanaldik osatuko dute egitaraua.

Ekitaldiak gaur bertan, azaroak 3, hasiko dituzte, Zoe Berriatúaren mintzaldiarekin. Bigarren solasaldia, ostera, David Arratibel zuzendari euskaldunarekin egingo dute, azaroaren 7an, asteartea, FAS Zineklubarekin elkarlanean. Eta Sara Gómez zinegilearen omenaldia bihar, azaroak 4, izango da. Fikziozko film luze bat (De cierta manera, 1974) zuzendu zuen lehen emakumezko kubatarra izan zen, eta Zinemakumeak Gara! mostrarekin batera, berari eskainitako saioa egingo dute.

Zinebi-Express

48 orduko film laburren rallya bihar, larunbata, goizeko 9:30ean jarriko dute martxan. Parte hartzaileek Campos Eliseos Antzokira joan beharko dute izena ematera eta deialdiaren ezaugarriak ezagutzera, eta astelehen arratsaldera arteko epea izango dute lanak prestatu eta aurkezteko. Sari-banaketa ekitaldia, ostera, azaroaren 9an, osteguna, egingo dute, 20:00etan Azkuna Zentroan.

Zinebi New Talent

Jaialdiak, halaber, sortzaile berrien lehen lanak bistaratzeko apustu sendoa egingo du beste urte batez, eta Pre-Zinebi zikloan ere, azaroaren 6an eta 8an, astelehena eta asteazkena, Bilboko zinema eskola publiko zein pribatuetako ikasleek 2016-2017 ikasturtean osatutako lanen emanaldiak egingo dituzte. Besteak beste, EHUko Gizarte Zientzien eta Arte Ederren fakultateetako ikasleek, Erandioko CIFP Tartanga LHII eskolakoek, IMVAL eskolako gazteek, Anima Eskolako ikasleek eta Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek hartuko dute parte.

Proiekturik interesarrienak 1.000 euroko Zinebi New Talent saria jasoko du Zinebi jaialdiaren inaugurazio galan, azaroaren 10ean, 20:00etan Arriaga Antzokian.