Morkaiko Mendizale Elkarteak, Danobat Groupek eta Ongarri Zineklubak babestuta, iazko Bilbao Mendi Film Festival jaialdian saritutako lanak eskainiko dituzte Elgoibarren azaroaren 9an, osteguna. Bira bertara heltzen den lehen aldia izango da, eta besteak beste, herriko seme Eñaut Izagirreren Incognita Patagonia filma izango da ikusgai. Sarrerak 4 euroan eskura daitezke Lanbroa tabernan zein Pitxintxu opari-dendan.

Iazko edizioan eskaladako film onenaren saria eskuratu zuen Boys in the Bugs (Zachary Barr, Peter Motimer eta Nick Rosen, 2016), alpinismoko film onena jaso zuen Link Sar West (Jonathan Griffith, 2016), Annapurna III Unclimbed (Jochen Schmoll, 2016) film austriarra eta Metronomic (Vladimir Cellier, 2015) film frantziarra izango dira Elgoibarko saion eskainiko dituzten filmak, baita Eñaut Izagirreren Incognita Patagonia film euskalduna ere. Azken honek eskalada, glaziarren kartografia eta Clue izotz zelaiaren zeharkaldia uztartu ditu, eta Patagoniako eremu ezezagun batean egiteke zegoen erronka suposatu du.

Film guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte azpidatziekin lagunduta, eta emanaldia 21:00etan izango da, Herriko Antzokian. Sarrerak eskuragai daude dagoeneko Lanbroa tabernan eta Pitxintxu opari-dendan, eta egunean bertan antzokiko leihatilan erosteko aukera ere izango da, 4 euroan.