‘Entzungor’ euskal dokumentala Zinebi jaialdian eskainiko dute

Ander Parody Garai zinegile bilbotarraren eta Pablo Maravi Martinezen Entzungor (Ahuntzaren gauerdiko eztula) filma Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian eskainiko dute, Bertoko Begiradak atalean. Ziripot pertsonaiaren figura berreskuratu dute film esperimentalean.

Nafarroako Lantz herrian jatorria duen euskal pertsonaia da Ziripot; Pardoyren eta Maraviren filmean, baina, ipuin kontalaria bere eginkizun profanoa betetzera kondenatuta egongo da, eta Burgosko herri txiki batera erbesteratuko da. Baina ezingo du bertakoekin harremanetan jarri, eta gainera, Zaldiko pertsonaia izango du atzetik, erdi-gizona eta erdi-zaldia den izakia, Ziripoten urratsen atzetik joango dena.

Entzungor-Zinea-Zinebi-02Film esperimentalak  narrazio molde ezberdinak baliatuko ditu, eta Ziripot bere testuingurutik aterata, egungoaren eta tradizioaren arteko talka islatu nahiko du, baita inkomunikazio kulturala ere. Formatu digitalean eta Super8-an errodatu dute. Filmak Arrigorriagako Udalaren 1.000 euroko diru-laguntza baino ez du jaso, eta herriko KLAP estudioan soinu postprodukzioa egiteko baliatu dute zenbatekoa. Gainerakoa bi sortzaileek jarri dute.

Lana Filmadrid jaialdian estreinatu dute jada, baina azaroaren 15ean, Bilboko BBK aretoan, Euskal Herriko estreinaldia egingo dute. Izan ere, Entzungor Zinebi jaialdiko Bertoko Begiradak sail ez lehiakorrean aurkezteko aukeratua izan da, baita Portugalgo Oporto hiriko Porto/Post/Doc jaialdian eskaintzeko ere.