‘Oreina’ bere fikziozko lehen luzearen filmaketa amaitu du Koldo Almandozek

Koldo Almandoz zinemagileak (Donostia, 1973) Oreina fikziozko bere lehen film luzearen errodatze lanak bukatu berri ditu sei asteko jardunaren ondoren. Txintxua Films etxeak ekoitzitako lana da, eta ETBren partaidetza, eta Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren lankidetza izan ditu. Filma editatzen hasiko dira orain, eta horretarako Laurent Dufreche muntatzailearekin arituko da elkarlanean Almandoz. Filmaren estreinaldia 2018rako dago aurreikusita.

Oreina-Koldo-Almandoz

Euskaraz filmatu dute Gipuzkoako herrietan, besteak beste, Aginagan, Orion, Usurbilen, Oiartzunen, Donostian, Hernanin eta Tolosan. Hiri-periferietan bizi diren jatorri ezberdineko pertsonaiak izango dira pelikularen ardatza. Hala, hiri-bizitza, industria-giroa eta natura gurutzatuko ditu donostiarraren lehen fikziozko filmak: urteetan elkarri hitzik egin ez dioten bi anaia, paduran zehar noraezean dabilen mutil gazte bat, bere lana modu zuzen eta arduratsuan egiten tematuta dagoen basozaina edota eremu berrietara hegan egiteko desira duen neska gaztea.

Patxi Bisquert (Tasio100 metro) eta Ramon Agirre (HandiaJulietaAupa Etxebeste!) aktoreek antzeztuko dituzte bi anaiak, baina Iraia Eliasek (emakumezko aktore hasiberri onenaren Goya saria eskuratzeko izendatu zuten Amama filmean egindako lanagatik), Erika Olaizolak (Los tontos y los estúpidos) eta Laudad Ahmed Saleh gazteak ere parte hartuko dute filmean.

Orotara, zinemagintzaren alorreko 60 profesionalek osatu dute lantaldea. Horien artean, aurretik Almandozekin kolaboratu duten Javier Agirre (HandiaAmamaLoreak) argazki-zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu-arduraduna eta filmaren produkzio exekutiboaren arduradun Marian Fernandez Pascal.

Zinema ikasketak New Yorken burutu zituen zinegileak, eta bertan filmatu zuen bere lehen laburra, Razielen Itzulera (1998), urte hartako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zena. Ordutik, hamaika film labur eta dokumental idatzi ditu, baina kazetari lanetan ere aritzen da zenbait komunikabidetan.

Koldo Almandoz zinemagile donostiarrari buruz informazio gehiago izateko, sartu Ganbara datu-baseko bere fitxan.