Kritika: ‘Errementari’

Errementari-Kartela-Zinea-05Zuzendaria: Paul Urkijo

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria

Hotz eta heze dago giroa, behelainoa, eta berdea nonahi, sastraka, belar, zuhaitzak guztia inguratzen dute Arabako herri galdu honetan. Karlistada garaia dugu, aintzina, siniskerien garaia, kristautasunarena, Jaungoikoak bizitza xumeak gupidagabe zelatatzen zituenekoa, eta deabruak bereak egiteko mila modu aurkitzen zituenekoa, temati, tranpati, gizaseme gizagaixoen arimak biltzen, koitaduak, mordoa jasotzen zituen, bekatariak.

Paul Urkijo zuzendariak Aita Barandiaran antropologoak jazotako kondaira ezagunetako batean oinarritu du zinta, eta modu harrigarrian hezurmamitu du Patxiren istorioa, errementariarena, deabruari iseka eginez infernuko gaizkiari adarra jotzea lortu zuenarena. Patxi ez baitzen ezeren beldur, edo hori irudituko zaigu hasiera batean. Patxi behelainoz inguratuta bizi delako, iluntasunean, bizitzak jarritako tranpetan ez baita erori, tratuak tratu direlako, joko garbiaren aldekoa delako errementaria. Eta ez badugu garbi jokatzen, arauak ez direlako zertan bete behar, denak ala inor ez, denak ala ezer ez. Horrelakoa da gure protagonista, bere patuaren gatibu, etxetzat duen burdinolan egin du gotorlekua, lubakia, inguratzen duenetik salbu, denak salbu egon daitezen, behelainotan galdurik, burni gori eta su artean, ezkutuan, munstroa bailitzan, berak horrela uste duelako.

Protagonistak (Kandido Uranga) Sartael deabrua du preso gotorlekuan, adarra jo nahi izan zion destinuaren ondorioak pairatzen. Inoiz topatuko dugun deabrurik lurtarrena, gizatiarrena, ahulena eta maitagarriena. Eneko Sagardoik antzeztutako Sartael ez delako ohiko deabru beldurgarri eta manikeoa, hau ez, oraingoan ez. Deskribatzen zaigun istorioan deabruak ahultasunak ditu, beldurrak, nazkak eta nagiak, bere lana egiten du, guztiok bezala, eta zoritxarrez, oraingoan, Patxirekin topo egingo duenean, zaila egingo zaio lanarekin bukatzea. Errementariak ez duelako beldurrik, galdu ditu denak, galdu du dena, eta orain mendekua besterik ez du nahi.

Filmaren girotzea ezin hobea da, janzkerak, erabilitako euskara, kokapenak eta bestelako produkzio lanak asko zaindu baitituzte, eta horri esker, istorioan ia bat batean murgilduko gara. Efektu bereziei dagokienean, deabruaren sinesgarritasuna erabatekoa da, eta istorioari mesede handia egiten dio pertsonaia garrantzitsuenetakoa den aldetik.

Urkijoren filmak hiru pertsonaia nagusi ditu: Usue (Uma Bracaglia), Patxi eta Sartael. Aktoreek oso lan fina egin dute, hirukotearen kimikak zintari egiazkotasuna ematen diolako, hiruen arteko lotura estuak infernuzko burdinolari eragingo diolako, amorerik ematen ez duten pertsonaien istroio honetan.

Zintak ameskeria, umorea eta beldurrezko generoak uztartzen ditu, eta nola gainera, era basatian. Gomendagarria, beraz, Urkijoren lana, ez baitu hutsik egiten, eta eskaintzen duen hori ematen du.