Estreinaldiak: Azaroak 3

Battle of the Sexes (La batalla de los sexos)

1973ko tenis partida historikora eramango gaitu Jonathan Dayton eta Valerie Faris (Little Miss Sunshine, 2006) zuzendarien filmak. 55 urteko Bobby Riggs (Steve Carell) tenis jokalari ohiak edozein emakume garaitu zezakeela uste zuen, eta horregatik, Bilie Jean Kingi (Emma Stone) erronka bota zion. Benetako gertakarietan dago oinarrituta filma, izan ere, emakumeen eskubideak defendatzen zituen jokalaria zen Bilie Jean King, eta zenbait lehiaketetan parte hartzeari uko egin zion gizonen eta emakumeen diru-sarien zenbatekoa oso ezberdina zelako. Filmak berreskuratuko duen tenis partida historiako kirol ekitaldirik ikusienetarikoen artean dago, eta partidari “Sexuen arteko bataila” deitu zitzaion.

El sistema solar

Peru eta Espainiaren arteko koprodukzio honek Mariana de Althaus idazlearen eleberri homonimoa du oinarri. Gabon gauean Solar familia elkartu egingo da urte askoren ondoren. Leonardo familia burua, baina, seme Pavelen neskalaguna izandako Inesekin agertuko da; Edurnek, Leonardoren alabak, herentziaren zati bat aurreratzeko eskatuko dio aitari, izan ere, haurdun dago eta ez du bikotekiderik… Tentsio handia sumatuko da familiartean, eta trapu zaharrak jarriko dituzte mahai-gainean. Bacha Caravedo eta Chinón Higashionna arduratu dira filmaren zuzendaritzaz.

The Big Sick (La gran enfermedad del amor)

Aurtengo Locarnoko zine jaialdian publikoaren saria eskuratu du Michael Showalterrek zuzendutako komedia erromantikoak. Lehen hitzordu baten ostean, Kumailen (Kumail Nanjiani) eta Emilyren (Zoe Kazan) arteko harremana sendotzen joango da, baina mutilaren familia oso tradizionala denez, gurasoek ez dute neskalaguna horren erraz onartuko. Hala, kultura ezberdinen arteko talka izango du hizpide filmak.

Saura(S)

Espainiako zinegile garrantzitsuenen historia errepasatzen duen bigarren atala dakar Felix Viscarretek. Oraingoan, Carlos Saura zinegile, idazle eta argazkilaria izango du hizpide, eta 60 urtean osatu duen filmografiaz arituko da dokumentala. Sortzaile espainiarraren barrena ikertuko du Viscarretek, eta horretarako, bere zazpi semeek bideratuko dute dokumentala.

Flatliners (Enganchados a la muerte)

Joe Schumacherren Flatliners (1990) pelikulan oinarritutako remakea dakarkigu Niels Arden Oplev danimarkarrak. Filmak bost medikuntza ikasleren muturreko esperimentuak kontatuko ditu. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga bilatuko dute denbora tarte labur batez bihotza geldiarazten duen teknika bat erabiliz. Pixkanaka, esperimentuak bortitzagoak bilakatuko dira, eta hala, iraganeko bekatuei aurre egin beharko diete. 1990eko filmean parte hartu zuen Kiefer Sutherland aktorea era aritu da oraingoan, bestelako zeregin batekin, ordea.

American Assassin

Mitch Rapp (Dylan O’Brien) zelula terrorista batek bere neskalaguna hil ostean hiltzaile bilakatuko den unibertsitateko ikasle bat da. CIArentzat lanean hasiko da, eta Gerra Hotzeko beteranoa den Stan Hurleyk (Michael Keaton) hartuko du bera hezteko ardura. Irene Kennedy (Sanaa Lathan) CIAko zuzendariak herritarrei eta helburu militarrei egindako ausazko erasoak ikertzeko eskatuko die biei, eta terrorista talde batek Ekialde Hurbilean Hirugarren Mundu Gerra hasteko intentzioa duela ohartuko dira. Michael Cuestak zuzendutako thrillerra Vince Flynnek idatzitako izan bereko eleberrian dago oinarrituta.

A Ghost Story

Sundanceko zine jaialdian lehiatu da David Loweryren azken filma, eta luxuzko aktoreek hartu dute parte bertan, besteak beste, 2017an gizonezko aktore onenaren Oscar saria jaso duen Casey Affleck eta 2015ean Cannesen emakumezkoen aktore onenaren garaikurra eskuratu zuen Rooney Marak. Auto istripuan hil berri den gizon baten mamua etxera itzuliko da bere emaztea kontsolatzeko asmotan. Gizona, ordea, ikusezina da bizidunentzat, eta hala, emazteak bizitza bera gabe aurrera nola eramaten duen ikustearekin konformatu beharko du, pasibotasunez. Mamua bere oroitzapenetan murgilduko da, eta filmak galdera existentzialak planteatuko ditu.

The Crucifixion

Xavier Gens zuzendari frantziarrak Errumaniako herrixka batean gertatu eta mundu osoan ezagutzera eman zen pasarte misteriotsu bat dakar. Exorzismo batean, moja bat hiltzea leporatuko diote apaiz bati, eta gertakaria ikertzeko Nicole Rawlins (Sophie Cookson) kazetari estatubatuarra Errumaniara hurbilduko da. Kazetariak apaizak buruko gaitzen bat ote duen ala exorzismoak eskuetatik ihes egin zion ikertu beharko du. Behar bada, Nicole bera ere egon liteke presentzia misteriotsuengandik hurbil… Naturaz gaindiko thriller honen gidoilariek, Chad eta Carey Hayes anaiek, ibilbide luzea dute era honetako filmetan: Expediente Warren: The Conjuring (2013) eta Expediente Warren: El caso Enfield (2016) pelikulak idatzi dituzte, besteak beste.

Deep

Hamarkada luze batez AEBetan lan egin ostean, Julio Soto animaziozko filmen zuzendaria etxera itzuli da, Espainiara, Deep pelikula egitera. Ingurumenaren arazoek kezkatzen dutela erakutsi nahi izan du filmean. Hala, itsasoko izaki batzuen istorioa kontatuko du. Lurra planetan bizirik jarraitzen duten azken izakiak izango dira, eta ozeanoko sakoneko arrakala batean biziko dira, Kraken mitikoaren babespean. Ezusteko ezbehar bat gertatuko da, ordea, eta Deep olagarroak, Evo eta Alice adiskideen laguntzarekin, abenturaz betetako bidaia bat egin beharko du arrakala horretan bizi diren izakiak salbatzeko.

Gekijo-ban Poketto Monsuta Kimi ni kimeta! (La película Pokemon ¡Te elijo a ti!)

Ash Ketchum Pokemon entrenatzailearen enegarren abentura osatu du Kunihiko Yuyamak. Ashek munduko Pokemon entrenatzailerik onena izan nahi du, horregatik, bere lagun banaezinarekin, Pikachurekin, erronka berrien bila abiatuko da. Paleta herritik irten berritan, Kantoko Liga izango da bere azken helburua, baina horretarako gimnasio guztietatik igaro beharko da lehendabizi.