Kritika: ‘A Taxi Driver’

Kritika-zinea-A Taxi Driver-Jang Hoon-Ander Makazaga

Zuzendaria: Jang Hoon

Urtea: 2017

Herrialdea Hego Korea

Herritarren borroka eta amerikartasuna transmititzen maisuak dira AEBetan. Izan ere, herrialdearen historiako pasarte ezagun zein ezezagunak pantailaratu dituzte identitate nazionala azpimarratuz. Zenbaezinak dira, adibidez, nazien aurka edota Ekialde Hurbileko gatazketan oinarritzen diren filmak. Horietako asko, ordea, blockbusterrak izanik, estrategia narratibo erraz eta tradizionalak erabiltzen dituzte, beti ere, ikus-entzulearen entretenimendu soila bilatuz. Baina produkzio eredu hori mundu zabalera esportatu dute, eta hala, ezaugarri guzti horiek betetzen dituen film batek liluratu du aurten Hego Korea: A Taxi Driver (Jang Hoon, 2017).

1980ko maiatzean, Gwangjun hirian gertatutako manifestazioak oinarri hartuz, Hego Koreako taxi gidari baten (Song Kang-ho) istorioa kontatuko du filmak. Orduko Hego Koreako gobernu militarrak Lege Martziala ezarri zuen demokraziaren alde herritarrek egindako manifestazioak eten nahian. Ejertzitoak sua piztu zuen ehunka hildako eraginez. Zuzeneko testigantzak Jurgen Hinzpeter (Thomas Kretschmann) kazetari alemaniarrak hartu zituen, munduari gertakari haien berri emateko. Filmak kazetariaren eta taxi gidariaren harremanean sakondu du, eta heroi anonimo bilakatuko da bigarrena, hegokorearren identitate nazionalaren eredu bihurtuz.

Akzioa, umorea, abentura, ezusteko biraketak… batu ditu filmak. Orokorrean, sentimenduak eta emozioa. Eta hain zuzen ere hor dago A Taxi Driverren gakoa. Ezagutzera eman beharreko istorio erreal bat, benetako pertsonaiak eta amerikar superproduzio erara. Zuzenean Hego Koreako herritarrentzako espresuki egindako filma da, nondik datozen ahaztu ez dezaten, izan ere, kasualitatea izan edo ez, 2017an manifestazioak nagusitu dira herrialdeko kaleetan Tribunal Konstituziogileak ordura arteko presidentea kargutik kendu eta gero. Beraz, filma, iraganean herritarrek izan zuten balentriaren oroitzapen hutsa izateaz gain, egungo agintarientzako ohartarazpen bat ere bada.

Ez da nahikoa, ordea. Filmak ikus-entzuleak hunki ditzake, izan ere, hegokorearrentzat une historiko garrantzitsu baten aldarrikapena da, baina Koldo Serraren Gernika (2016) pelikulak bezala, gertakariaren espektakularizazioaren aldeko apustua egin du. Beste nolabait konta zitekeen istorio bera, efektu berezi gutxiagorekin akaso, eta gertakari historikoari zor zaion fideltasuna mantenduz. Jang Hoon zuzendariaren estrategia argi dago: emozioak eragin nahi ditu, eta horretarako errealismoa baztertu du ikus-entzule arrunt batek uler ditzakeen baliabide narratibo eta dramatikoak erabiliz.

Hala, filmaren azken planoak negar malkoak xukatzeko muki zapia ateratzera behartzen du ikuslea. Jurgen Hinzpeter kazetari alemaniarrak gerora berarekin harremanik izan ez zuen taxi gidari anonimoa gogoratuko du. Izan ere, ez zuen bere berririk izan, eta “zuen” diot, kazetaria 2016an, filma estreinatu aurretik, hil baitzen. Hala, taxi gidariaren bizitza guztiz fikzionatu dute, eta behar bada, hori izan daiteke filma ahultzen duen detaile txikitxoa.