Arabako Zinema Dokumentalaren Meeting Point saioa egingo dute

Iragan asteko Euskal Zinema Dokumentalaren III. Asteari behar bezalako amaiera emateko, bihar, urriak 31, Gasteizko Luis de Ajuria aretoan, Arabako Zinema Dokumentalaren Meeting Point saioa egingo dute. Juanma Bajo Ulloa zinegileak hitzaldia eskainiko du lehenik, eta ostean mahai-ingurua egingo dute Vital Fundazioaren eta APIKA Ikus-entzunezko Edukien Ekoizle Independenteen Arabako Elkartearen ekimenez.

Arabako-Zinema-Dokumentalaren-Meeting-Point-02

Zinema dokumentala izango da aztergai bihar, urriak 31, 19:30etik aurrera egingo duten saioan, sektorea balioan jarri eta ezagutarazteko. Horretarako, generoan aditu diren hainbat profesionalek hartuko dute parte, tartean, ospe handiko Juanma Bajo Ulloa zinegileak, gaiaren inguruko hitzaldia eskaintzeko. Sarrera doakoa izango da lekuak bete arte.

Mahai-inguruan, ostera, sei lagun izango dira: Área Audiovisualeko Nerea García, CIMTeko zuzendari ohi Fernando López Castillo, Kinoskopik ekoizpen etxeko Luis de Oza, Maribel Larrañaga eta Mikel Ezkerro zinema zuzendariak, eta Maite Ruiz de Austri APIKAko presidentea.

Saioak, gutxi gorabehera, ordu eta erdiko iraupena izango du.

Arabako-Zinema-Dokumentalaren-Meeting-Point-01