Estreinaldiak: Urriak 27

El secreto de Marrowbone

1969ko AEBetako landa-eremuetara eramango gaitu Sergio G. Sanchezek idatzi eta zuzendutako thrillerrak. J.A. Bayonak (Lo imposible, Un monstruo viene a verme) ekoitzitako filma da eta George MacKay (Captain Fantastic), Anya Taylor-Joy (Múltiple), Charlie Heaton (Stranger Things), Mia Goth (A Cure for Wellness) eta Nicola Harrison (Control) dira aktore nagusiak. Filmak lau anai-arreben istorioa kontatuko du: Ingalaterratik Marrowbonera, aita oldarkorrarengatik ihesean,  bizitza berri bat hasi nahi dute, eta berehala Allie izeneko neskato bat ezagutuko dute. Bat-batean, ordea, ama hilko da eta etxean ezkutatuko dira, bertan presentzia misteriotsuak sumatzen hasiko direlarik.

A teströl és a lélekröl (En cuerpo y alma)

Hungariatik, Berlingo zinema jaialdian Urrezko Hartza irabazi berri duen filma dakarkigu Ildikó Enyedik. Budapesteko hiltegi batean lan egiten hasiko den Mariaren (Alexandra Borbély) eta Endreren (Morcsányi Géza) maitasun harremana du filmak hizpide.  Emakume bakartia da Maria, eta bere lana seriotasunez burutuko du. Lankideek ez dute guztiz onartuko, eta  zurrumurruak zabalduko dituzte Mariaren kaltetan. Endre, berriz, faktoriako nagusia da, gizon lasaia. Pixkanaka–pixkanaka, bien artean maitasun harreman bat sortuko da. Ildikó Enyedi zuzendariak hemezortzi urte zeramatzan film luze bat egin gabe.

Thor: Ragnarok

Marvel etxeak  Thor superheroiaren hirugarren atala dakar. Chris Hemsworth aktoreak, beste behin, haragitutako pertsonaiak Asgardera itzuli beharko du Helaren (Cate Blanchett) mehatxupean baitago Ragnrok bezala ezagutzen den zibilizazioaren iraunkortasuna. Thor, ordea, unibertsoaren beste aldean egongo da preso, eta ez du bere mailu boteretsua eskura izango. Baina, lehenik, adiskide duen Hulken (Mark Ruffalo) aurka borroaktu beharko du hil ala biziko lehiaketa batean.

The Hatton Garden Job (Un golpe a la inglesa)

2015ean Hatton Garden Safe Deposit enpresari egindako lapurreta errealean dago oinarrituta filma. Londresen jazotako lapurretaren egileak adinez nagusi diren lau gizon izango dira, eta guztira 200 milioi libra eramango dituzte. Gertakaria Erresuma Batuaren historiako lapurretarik handiena bailitzan ezagutzen da. Ronnie Thompson (I Am Soldier, Francotirador) zuzendariak Ray Bogdanovich (Pretty Boy) eta Dean Lines (The Lost Generation) gidoilariekin batera idatzi du filmaren gidoia.

Ce qui nous lie (Nuestra vida en la Borgoña)

Aitaren heriotzaren berri izan bezain laster, Jeanek (Pio Marmaï) etxera itzultzea erabakiko du. Hamar urtez munduan zehar bidaiatu eta gero, bere anai-arrebekin, Juliette (Ana Giardot) eta Jérémie (François Civil) elkartuko da berriz ere Borgoñan. Bertan, lau urtaroetan zehar eta ardoaren ekoizpenarekin paraleloan, hiru pertsonaiak beren haurtzaroa eta harremana berreskuratzen saiatuko dira. Cédric Klapish zuzendariak pertsonaien sentimendu eta heldutasunean sakondu du urtebete irauten duen istorioan.

The Third Murder (El tercer asesinato)

2013an Canneseko zinema jaialdian Epaimahaiaren Saria jaso ostean, Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarrak bere lehen thrillerra zuzendu du: The Third Murder. Aurtengo Veneziako jaialdian parte hartu duen filmak, halaber, pertsonaien familiako dramak ditu oinarrian, izan ere, Koreedaren zinemaren gai nagusienetakoa da. Filmak Misumiren (Koji Yakusho) eta bere abokatu Shigemoriren (Masaharu Fukuyama) istorioa kontatuko du. Misumik iraganean bi hilketa burutu zituen, eta orain hirugarren baten egiletza aitortu du. Shigemori abokatuak, ordea, hiltzailearen familia elkarrizketatu ostean, eta etengabe aldatzen joango diren Misumiren kontaketak ezagututa, zalantzak izango ditu Misumiren erruduntasunaren inguruan.