Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorretan nabarmendutako norbanakoak saritzen dituzte urtero, eta 23. edizioan Montxo Armendariz zinegile nafarrak jaso du garaikur preziatua. Zinemagile batek saria jasotzen duen lehen aldia izan da, eta Armendarizen hitzetan, “berari ez ezik, zinemagintzari egindako aitortza ere bada saria”.

Montxo-Armendariz-Eusko-Ikaskuntza-Saria-Zinea

Uxue Barkos Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak, Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok, Laboral Kutxako lehendakari Txomin Garcíak, eta Humanitateen, Kulturaren, Artearen eta Gizarte Zientzien alorretako dozenaka ordezkarik hartu zuten parte atzo, urriak 24, Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin zuten ekitaldian.

Armendarizen ibilbidea errepasatu zuten, eta saria berari emateko arrazoiak azaldu zituzten Eusko Ikaskuntzaren jardun eremu geografikoan dauden sei unibertsitatetako ordezkariek (orotara zazpik hartzen dute parte epaimahaian). Azken 30 urteetako euskal zinemagile nabarmenetako bat dela azpimarratu zuten, eta belaunaldi oso baten erretratua egin duela, eguneroko istorioak pantailaratuz. Gainera, ikuslego orokorrera heltzea lortu duela, eta bere filmek Euskal Herriaren balioak islatzen dituztela gogorarazi zuten.

Aurreneko aldia da Eusko Irakaskuntza – Laboral Kutxa Humanitateen, Kulturaren, Artearen eta Gizarte Zientzien saria zinemagile batek jasotzen duena, nahiz eta Armendarizek berak oroitarazi zuen moduan, 2005ean garaikurra eskuratu zuen Nestor Basterretxeak ere zinema erabili zuen zenbaitetan bere jakin-min artistikoaren adierazpide gisa. 20.000 euroko balioa du sariak.

Haurtzaroko ametsa

Eskertza hitzaldian, Juan Benet idazle madrildarraren esaldia Armendarizen zinemagintza deskribatzeko erabili zuen Javier Eder idazle nafarraren hitzak bere egin zituen Armendarizek: “Deskribatu zure herriko artzainak, eta mundua deskribatuko duzu”. Gainera, haurra zenean, igandetan, amaren paga jaso eta korrika Txantreako zinemara joaten zela kontatu zuen, eta hamalau urterekin, gurasoei zinema ikasi nahi zuela esan zienean, psikiatrikora eraman beharko zutela erantzun ziotela.

Horregatik, Lanbide Heziketa ikasi zuen, elektronikaren adarretik, eta bestelako lanak egin zituen arren, zinemara joaten eta aldizkari mordoa irakurtzen jarraitu zuen, Franco hil ostean, Super 8 kamera bat erosi eta kalean ikusten zuena errodatzen hasi zen arte.

Saria ohore bat dela adierazi zuen, eta berari egindako aitortza ez ezik, zinemagintzari egindakoa bailitzan ulertzen duela, giza komunikaziorako eta adierazpenerako tresna baita ikus-entzunezko lengoaia.