Kritika: ‘What Ever Happened to Baby Jane?’

What-ever-happened-to-baby-Jane-Kritika-ZineaZuzendaria: Robert Aldrich

Urtea: 1962

Herrialdea: AEB

Jane txikia non ote dago? Non sartu da? Urteak pasa dira ordutik, esango du jendeak, eta egia da, Jane hazi egin delako, hazi baino, zahartu, eta kostata, ume horren begirada munstroaren begietan aurki dezakegu, galduta.

Jane eta Blanche ahizpak dira, aktoreak biak, estutuki lotuak, ospearen soka motzean preso. Bietako batek umetan lortu zuen ospetsu izatea, izarren eztia dastatu zuen, mikatza, latza delako izarren zama, haurrentzako galarazita beharko lukeen zaporea. Horrelako eztiak umeak eraldatzen dituelako, inuzentziaren arintasunak ahazturan galduaraziz eta ospearen gosea animalia asezinenen antzera bilatzera bultzatuz. Goizegi bihurtu zuten Jane ospetsu, banpiro bat bezala, Otsoandre baten modura, eta basatia bilakatu zen, inguruan zituenei eraso egin zien, nahiak asetzeko, animalia egoskorra, tranpatia.

Jane eta Blanche (Bette Davis eta Joan Crawford) elkarrekin bizi dira, etxetzarrean preso, bata besteari lotuta dauden bi emakume madarikatu.

Zuzendariak maisuki filmatutako zinta honek maitasunaren eta gorrotoaren arteko muga ia antzeman ezinean murgilduko gaitu. Elkar ulertzeko gaitasuna gero eta zartatuagoa duten eta elkar jasan ezin duten bi aktore itzelen lana dugu filmean. Sekretu, beldur, amorru eta maitasunez betea; bai, maitasunez. Batzuetan, tamalez, gehien maite duguna bilakatzen dugulako min guztien errudun, amorru guztien helburu, eta aldamenean jarraituko dugu Jane eta Blanchek egingo duten bezala. Aldamenekoa birrintzeko edo berak gu suntsi gaitzan, biktimaren eta erasotzailearen dantzaldia. Batak ezin bestea gabe bizi, batek ematen diolako zentzua besteari, txanpon beraren bi aldeak. Eta jaurti dezagun txanpona airera, nor den nor asma dezagun. Biraka hasiko da, eta nahastuko gara, ondorioak garaizegi aterako genituen akaso?

What Ever Happened to Baby Jane? klasiko bat da dagoeneko, drama psikologikoa lantzen duen ezinbesteko filma. Zuri-beltzean filmatuta, argi-ilunak sakontasuna ematen diote planoei zein aktoreen lanari, batez ere plano laburrenetan.

Gomendagarria oso, bereziki, pantaila handian ikusteko aukera baldin badaukazue. Donostiako Principe zinemak klasikoen zikloa eskaintzen digu urtero, aurtengo egitaraua dagoeneko ikusgai dago, eta tartean, Robert Aldrichen izugarrizko lana emango dute, gomendagarria oso. Pantailara lotuak mantenduko gaituelako azken momentura arte, Jane ulertu nahian, zergatik den horrelakoa, nor den jakiteko. Jane gajoa, ume izaten jarraitzen duelako, noizean behin bada ere, munstroak uzten dionean.