Kritika: “Cinéma”-rik gabeko Jean-Luc Godard

Kritika-zinea-The Redoutable-Michael Hazanavicius-Ander Makazaga

Zuzendaria: Michel Hazanavicius

Urtea: 2017

Herrialdea: Frantzia

Zinemari buruzko esku-liburu eta erreportaje guztietan bada izen bat zaletu orok gogoratzen duena. Kasualitatea izan edo ez, zinemaren historiaren erdi-erdian kokatzen da, eta honenbestez, ordura arte egindako guztia zahartuta utzi zuen. Harrotasunez, zinemaren konbentzio logiko, narratibo eta linguistiko guztiak haustea erabaki zuen, Hollywoodek inposatutako eredu klasikoaren prozedurak zalantzan jarriz. Jean-Luc Godard da gizon hori, mito bat, etorkizuneko zinegileentzat maisu.

Izan ere, horietako askok erabili dituzte beren filmetan Godarden pelikuletako pasarteei egindako aipu eta erreferentziak. Azken adibidearekin natorkizue, aurtengo Cannesko zine jaialdian aurkeztu den Le Redoutable (Michel Hazanavicius, 2017) filmarekin. Izenburuak berak dioenez, “beldurgarria” da mitoa. Baina, berak zenbait elkarrizketetan aitortu du ez duela “mito” horretan sinesten, eta egindako filma horren eredu da. Zein da arazoa? Cannesek ez duela bere “seme miretsia” barregarri uzten duen pelikularik onartzen.  Nolatan ausartu daiteke zinegile frantziar bat Jean-Luc gaixoa, bere burua “Cinéma” bezala bataiatu zuen iraultzaile hura, desmitifikatzen?

Film probokatzailea da Hazanaviciusena. Intentzio argi bat du, mitoaren deseraikuntza, eta horretarako, erosoen sentitzen den erregistroa bilatzen du: komedia. Godarden emazte izandako Anne Wiazemsky aktorearen memorietan oinarrituta, 68eko maiatzeko gertakariak eta bikotearen harreman nahasian murgiltzen da zinegile frantziarra, Godarden izaera “beldurgarri” hori erakutsiz.

Baina filmaren interesa eszenaratzeak eta zuzendariak erabilitako estrategiek dute, eta ez horrenbeste gizonaren nortasunak. Behinola, Godardek pentsatu omen zuen: zergatik jarraitu behar ditut nik beste batzuek onartu eta konbentzio bilakatutako prozedurak? Hala, 60ko hamarkadan lengoaia apurtzaile eta berri bat planteatu zuen, zinema klasikoa zalantzan jarriz. Proposatutako iraultza horrek, ordea, ez du Hazanavicius guztiz konbentzitzen, eta hala, Godarden praktiken baliagarritasunaren ukapena aldarrikatu du. Horretarako, praktika horiek imitatzen ditu bere filmean, ikusleari ezagun egiten zaizkion planoen konposaketa, off –eko ahotsaren eta koloreen erabilera, eta orokorrean, eszenaratzea muturrera eramanez. 60-68ko Godarden artifizio eta makinaria zinematografiko guztiaren erridikulizazioa da Hazanaviciusen apustua (hauek ezagutu edo identifikatu gabe, filmak bere xarma galtzen du).

Eta probokazio horrek  nondik edaten duen? Bada, filmaren oinarrietatik, nabarmenki. Anne Wiazemskyk (Stacy Martin) Godardek (Louis Garrel) adina garrantzia du pelikulan. Arazo potolo bat dago, ordea. Wiazemsky aktore ilegorriaren zantzu izpirik ere ez da ageri Hazanaviciusen filmeko Wiazemskyrengan. Are gehiago, harritzekoa da Masculin, féminin (1966) pelikulako aktore nagusienetakoa den Chantal Goyarekin duen antzekotasun susmagarria. Hala, 60ko hamarkadan Godarden aktore izan diren emakumeak batzen ditu Stacy Martinen pertsonaiak, eta horietako bakoitza dagokion filmean bezala filmatzen ditu Hazanaviciusek: ohean biluzik dagoen Brigette Bardot, bakarrik paseatzen ari den Anna Karina, edota bat-batean irudia zuri-beltzera igarotzen denean, maitalearen gorputza laztantzen ari den Macha Méril. Baina berdin Louis Garrelekin ere, Jean-Paul Belmondo, Michael Piccoli edota Jean-Pierre Léaudek haragitutako pertsonaien zantzuak ikus daitezke etengabe.

Izan ere, Hazanavicius gai da Godarden film ezberdinetako eszenaratzeak plano eta eszena bakar batean eraikitzeko. 60ko hamarkadako pelikulak batzen dituen Le Redoutable puzzlea eratu du, baina ikusleari dagokio pieza guztiak identifikatzea eta bere tokian jartzea.

Kritika espezializatuak filma guztiz onartu ez badu ere, zenbat buru hainbat aburu. Ez da lehen aldia zine jaialdi bat, edo kritikariak (guztiak bat eginda) film bat lurperatzen saiatzen direla. Hazanaviciusek, berak, proposatutako helburua betetzen du pelikulak. Godard desmitifikatzen du, Jainkoen pare dutenei bera gizatiarra ere badela erakusten die, mitoaren azpian dagoen gizakia aldarrikatzen du.