Bloga: HIESaren aurkako borrokaren bihotza

80ko eta 90eko hamarkadetan, HIESak pertsona ugari hil zituen mundu osoan, eta erakundeek ez zuten ezer egin gaitzaren prebentzioaren inguruko informazioa zabaltzeko. HIES gaitza, batez ere, homosexualek, droga kontsumitzaileek, emakume prostitutek eta baliabide gutxiko pertsonek jasaten zuten gaixotasuna zen garai hartan. 80ko hamarkadaren amaieran, HIESaren aurkako hainbat talde sortu ziren, besteak beste ACT UP, ekintza zuzenak egiten zituen nazioarteko taldea.

120-battements-par-minute-Zinea-Kritika-03

Robin Campillo zuzendariaren 120 battements par minute pelikulak Parisko ACT UP taldearen asanbladaren bihotza erakutsiko digu, nagusiki, pertsona homosexualez osatuta zegoen ekintzaile taldea. François Mitterrand zen Frantziako presidentea, eta garai hartako osasun ministroak ez zuen ezer egin HIESaren prebentziorako. Hainbat elkartek estatuaren eta botika-industriaren immobilismoa salatu zuten, eta haiek hasi ziren gaixotasunaren inguruko informazioa zabaltzen.

Ezkutatua izan zen mugimendu bat dugu ikusgai pelikula honetan, non ikusleari asanbladaren erdian sartzeko aukera ematen zaion. Ni, behintzat, pelikularen hondoraino sartu nintzen, eta garai hartako egoeraren berri izateko modu oso ona dela esango nuke. Filmak gaixotasunaren drama erakutsiko digu, asanbladako kide askok gaitz hori izango baitute, eta taldekide baten heriotzaren ostean, kalera aterako dira hori salatzera. Estatua eta isiltasuna konplize zirela ohartarazi zuten HIESaren aurkako taldeek, osasungintzatik ez zuten informazioarik zabaltzen, eta horrek eragin zuzena izan zuen gaixotasunaren hedapenean. Estigma bikoitza zuen kolektiboak: alde batetik, homosexuala izatea, eta bestetik, HIESa. Izan ere, Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunetan ere, LGTBI kolektiboko kide batzuk ACT UP mugimenduaren mezuekin deseroso sentitzen ziren.

Gaur egun bitxia izan daiteke HIESaren aurkako kanpainarik ez egitea, baina egungo egoera aldatu bada, 80ko eta 90eko hamarkadetan hasitako borrokei esker izan da. Begi txarrez begiratzen zitzaien aktibistei, eskoletara joaten zirelako kondoiak ematera edota egoera ikustarazteko kartelak jartzen zituztelako kalean. Ekintza zuzenagoak ere egin zituzten: farmazeutika baten bulegoetara joan ziren gezurrezko odola zabaltzera. Baina asanbladako kide batzuk geroz eta ahulago sentitzen ziren, eta haien bizitza arriskuan zegoen.

Mugimendu honen garrantziaz ohartarazteko pelikula ezinbestekoa da 120 battements par minute. ACT UP Paris taldeak lanean jarraitzen du egun. Macronen politikak salatzen dituzte, eta HIESarekin bizi diren pertsonen bizitza prekarioaren aurka lan egiten dute.

Filmak, gainera, epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen Canneseko jaialdian. Donostian ere Gehitu elkartearen Sebastiane saria eskuratu zuen, eta Estatu frantziarraren ordezkaria izango da Oscar sarietan, atzerriko film onenaren sailean.