Zinegile berrien bederatzi film luze lehiatuko dira azaroaren 10etik 17ra egingo duten ZINEBI jaialdiko FIRST FILM (ZIFF) sailean. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak film luzeen munduan lehen pausuak eman nahi dituzten ekoizle eta zinegile gazteentzako erakusleiho izan nahi du, eta horregatik, Cannestik, Berlindik, Veneziatik edota Sundancetik igarotako lanak erakutsiko dituzte. FIRST FILM sailean parte hartuko duten bederatzi filmak Bilboko Golem zine aretoan eskainiko dituzte, Azkuna Zentroan.

Zinebi-FIRST-FILM-01

ZINEBI FIRST FILM sailean mundu osoko zuzendariek hartuko dute parte: Afganistan, Alemania, Austria, Brasil, AEB, Frantzia, Israel, Herbehereak, Polonia, Errumania eta Suitza. Denek ere, mundu garaikideko gizakien joan-etorriak izango dituzte aztergai beren filmetan, eta jorratutako gaiak borondate kritiko eta subjektibotasunez landuko dituzte.

Bigarren edizio honetako epaimahaia Silvano Agostik (idazle, muntatzaile, zinegile eta erakusle italiarrak), Alejandra Trellések (2009tik Uruguaiko Nazioarteko zinema jaialdiaren zuzendariak) eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak osatuko dute. Iaz martxan jarri zen lehiaketaren irabazleari 7.000 euroko saria emango diote, gainera.

Ondorengo film hauek hartuko dute parte aurtengo edizioan (bederatzi filmetatik zortzi estreinaldiak izango dira gurean):

  • Gray House (Austin Lynch eta Matthew Booth. AEB, 2017. Dokumentala. 75 min.) Estreinaldia.
  • Não devore meu coração (Don’t Swallow My Heart, Alligator Girl) (Felipe Bragança. Brasil, Herbehereak eta Frantzia, 2017. Fikzioa. 108 min.) Estreinaldia.
  • Drift (Helena Wittmann. Alemania, 2017. Fikzioa. 97 min.) Estreinaldia.
  • Charleston (Andrei Cretulescu. Errumania eta Frantzia, 2017. Fikzioa. 120 min.) Estreinaldia.
  • Dene wos guet geit (Those Who Are Fine) (Cyril Schäublin. Suitza, 2017. Fikzioa. 71 min.) Estreinaldia.
  • Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) (Roya Sadat. Afganistan, 2017. Fikzioa. 83 min.) Estreinaldia.
  • Sommerhäuser (The Garden) (Sonja Maria Kröner. Alemania, 2017. Fikzioa. 97 min.) Estreinaldia.
  • Pigumim (Scaffolding) (Matan Yair. Israel eta Polonia, 2017. Fikzioa. 95 min.) Estreinaldia.
  • Tehran Taboo (Ali Soozandeh. Alemania eta Austria, 2017. Animazioa. 96 min.)

ZINEBI jaialdiari eta FIRST FILM (ZIFF) sailari buruzko informazio gehiago jaialdiaren atarian.