Bloga: ‘La línea de Sombra’, itzalaren marra gainditu duzunean

La-linea-de-sombra-Cliff-de-Hory-01

Minbiziak erlastutako ahots jipoituarekin ekiten dio Alberto García Alix argazkilariak kameraren aurrean egingo duen biluzketari. Izan ere, esanguratsuki izenburu Conradtarra duen La línea de Sombra dokumentalean (Itzalaren marra), lagun umo, zahar, zauritu bat agertzen zaigu. Bertan autorretratu bat egiten dio bere buruari. Hustuketa bat ispiluaren aurka. Omenaldi bat, oinazeari egindakoa, non motorrak, neskak, neskalagunak, Willy anaia (eta hainbat hildako gehiago), larruzko txamarrak, xiringa konpartituak, pisu higatuak, pentsio merkeak, kalezuloak… desfilatzen diren. Eta honegatik guztiagatik bakarrik bada ere, ganorazko film bat da hau zalantzarik gabe.

La-linea-de-sombra-Cliff-de-Hory-03

Bestetik, Nikolas Combarrok lan trebea egin du filma irudikatzean, fikzioaren nahiz dokumentalaren baliabideak erabiliz eta tartekatuz Godard onenak aholkatuko zuenaren antzera. Ezin aipatu gabe utzi Miguel Ángel Delgadoren zuri-beltzezko fotografia argi-iluna bete-betean bat egiten baitu kontakizunaren mamiarekin.

Movidako argazkilaritzat (berak izendapen hori erabat gustuko ez izan arren) jo izan denaren aitortzekin batera, halaber, bere lan egiteko era ere agertzen zaigu are beste aitorpen bat balitz bezala. Hasselblad analogiko xarmant zaharrak, kubetak, laborategia… Eta bertan agertzen diren zauriak, orbanak, tatuak… Alixek argazkilaritza oraina harrapatzeko bitarteko bat bezala aurkezten digu. Nolanahi ere, fotografiatu ezin diren hamaika gauza daude eta horiexek dira ederrenak. Eta batez ere horietaz dihardu film honek García Alixi berari kasu eginez gero.