Estreinaldiak: Urriak 20

Handia

Jon Garaño eta Aitor Arregiren berriena ostiralean helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, 65. Donostia Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar saria eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu ostean. Eneko Sagardoy durangarrak gorpuztutako Joakin Altzoko Handiaren eta anaia Martinen (Joseba Usabiaga) istorioa kontatuko du filmak, eta nola, Lehen Karlistaden ostean eta etxeko ekonomia arintzeko asmoz, Europan barrena abiatu ziren tokian tokiko jauntxo eta errege-erreginek Joakinen handitasuna miretsi zezaten. Filmak kritika bikainak jaso ditu, tradizioaren, mitoaren, gizabanakoen egokitzeko gaitasunaren eta senideen arteko harremanaren inguruan proposatutako gogoetak direla-eta, baita London Film Festivalen ere.

Lumière! L’aventure commence

2011tik Cannesko zinema jaialdiko zuzendaria den Thierry Frémauxek eta Lyongo Lumière Institutuak osatu duten dokumentalak ere kritika ederrak jaso ditu nazioartean. Izan ere, Lumière anaiek zinematografoa asmatu zuten 1895ean, eta ondorengo hamarkadan, 15.000 minutu errodatu zituzten, garaiko bizimodua islatzen duten artxibo baliotsuak denak. Bada, 15.000 minutu horietatik, 108 filmen zatiak zaharberritu dituzte, eta horien bidez, ikusleak zinemaren jatorrira egingo du bidaia 90 minutuko filmean. Frantziari buruzko begirada ez ezik, mundu osoaren isla ere bada, eta besteak beste, Martin Scorseseren hitzak jasotzen ditu.

Las hijas de Abril

Cannesko Un Certain Regard sail paraleloan epaimahaiaren saria eskuratu zuen maiatzean Michel Franco zinegile mexikarraren dramak. Filmeko aktore nagusiak Emma Suárez, Ana Valeria Becerril eta Joanna Larequi dira. Becerrilek Valeria gorpuztuko du, hamazazpi urterekin haurdun geratu den neska gazte mexikarra. Clara ahizpa-ordearekin (Larequi) bizi da Puerto Vallartan, eta ez dio amari haurdun dagoela esan nahiko. Presio ekonomikoak eta haurra etxean izateko ardurak eraginda, baina, azkenean amari kontatuko dio, eta ama, Abril (Suárez), alabengana itzuliko da Espainiatik. Laster jakingo dugu Valeriak zergatik zuen nahiago hura etxetik urrun egotea. 65. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ere eskaini zuten filma.

Geostorm

Dean Devlin eta Danny Cannon zinegileen berriena da Geostorm. Akzioa eta thrillerra, hondamendi natural baten testuinguruan, uztartu ditu Gerard Butler buru duen proiektuak. Butler bera Jake Lawson sateliteen diseinuaz arduratzen den ingeniaria izango da filmean. Lurraren inguruan grabitatzen duten satelite metereologikoak klimarekin lotutako hondamendiak eragozteaz arduratzen dira, baina satelite gehienei eragingo dien akats bat tarteko, inoizko ekaitz artifizial handienak Lurra txikituko du, eta Lawsonek espaziora joan beharko du arazoa konpontzera. Bitartean, AEBtako presidentea hiltzeko plan bat garatzen ariko dira Lurrean. Butlerrekin batera, Ed Harris, Andy Garcia, Abbie Cornish, Mare Winningham eta Jim Stugess aktoreek hartu dute parte filmean.

Cold Skin (La piel fría)

Xavier Gens zinegilearen berriena, aldiz, Sitgesko zinema jaialditik igaro berri da, lehiaketaz kanpo aurkeztu baitute. Filmaren oinarrian Albert Sánchez Piñolen eleberri arrakastatsua dago, eta ozeanoaren erdian, bakartutako uharte batean, itsasotik etorritako izaki ezezagunen erasoari aurre egin beharko dioten gizonen istorioa kontatuko du. Izan ere, I. Mundu Gerraren ostean, Friend izeneko marinela urtebetez uharte bakarti batean joango da bizitzera. Baina bertara heldutakoan, ez ditu ordeztu beharreko gizonak aurkituko; haien ordez, Gruner farozain marmarti eta basatiarekin egingo du topo. Ez du Friend berarekin geratzerik nahiko, eta gauero, itsasotik hura hiltzera joandako mustro ezezagunak azaltzen direla kontatuko dio. Elkarrekin egin beharko diete aurre, bizirik jarraitu nahi badute. Espainiaren eta Frantziaren artean ekoitzitako proiektua ingelesez errodatu dute David Oakes, Ray Stevenson, Aura Garrido eta John Benfield aktoreekin, tartean.

Red de libertad

I. Mundu Gerraren hasiera. Helena Studler erlijiosoa umezurtzak eta gaixoak laguntzen ohituta dago, baina garaiak zeharo aldatu dira, eta naziek hiria hartu dute. Bera bizi den lekutik hurbil, halaber, kontzentrazio-esparru bat jarri dutela jakingo du, eta hiriko hainbat gizonen zein bere komentuko mojen laguntzarekin, presoak askatzeko plan bat prestatuko du. Pablo Moreno zinegile espainiarrak zuzendu du oinarian benetako gertaerak dituen filma, eta proiektuan, besteak beste, Assumpta Serna, Giulia Charm, Luisa Gavasa eta Javier Bódalo aktoreek hartu dute parte.

In guerra per amore (Amor a la siciliana)

Italiatik, ostera, garai berean girotutako komedia erromantikoa helduko zaigu. Amerikarrak Siziliara iritsi zirenean, filmeko pertsonaia nagusi Arturok AEBtako armadan eman behar izan zuen izena Flora maitearen bihotza eskuratzeko. Filmeko zuzendaria zein aktore nagusia Pierfrancesco Diliberto da, telebistako aurkezle italiar ezaguna, eta honakoa zuzentzen duen bigarren film luzea da.

Hirune Hime: Shiranai watashi no monogatari (Ancien y el mundo mágico)

Tokioko Olinpiar Jokoen aurretik, Okayamako Prefekturan, Kokone izeneko neskatila aitarekin biziko da. Amets zirraragarriak izaten ditu, baina eskolan etengabe hartuko du lo. Egun batean, aita atxilo eramango dute presidentearekin zerikusia duen kontu bat dela-eta, baina Kokonek ez du arrazoia ezagutuko, eta ametsetako mundua eta errealitatea uztartuko ditu Hearts izeneko errobotarekin batera, aita askatu eta abentura zirraragarriak bizitzeko. Kenji Kamiyama japoniarrak idatzi eta zuzendutako anime filma.