Josemi Beltran Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendariak, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Kultura sailburuak, Joxean Muños Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen koordinatzaileak agerraldia egin dute gaur urriaren 28tik azaroaren 3ra luzatuko den 28. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen programazio osoa aurkezteko.

Paul Urkijoren Errementari film euskaldunak zabalduko du jaialdia hilaren 28an, larunbata; Azkaratek zein Muñozek, euskal film batek Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea zabaltzen duen lehen aldia dela oroitarazi dute, eta filmak ikusmina eta poza piztu dituela, Sitges jaialdian jasotako kritika bikainen ostean. Egun horretan bertan bi emanaldi egingo dituzte, 19:30ean lehena, Antzoki Zaharrean, eta 22:15ean bigarrena, Victoria Eugenia Antzokian.

Une horretatik aurrera, izuak, fantasiak, baina baita banpiroek eta andrazkoek ere, hartuko dute Donostia, izan ere, Beltranen hitzetan, aurtengo edizioak asko izango du bietatik. Inaugurazio ekitaldiaren aurretik, hain zuzen, eta Fortuna Kirol Elkartearekin batera, Theda’s Vamp – Medicine Show ikuskizuna eskainiko dute Bulevardeko kioskoan, 17:00etan hasita. Haurrentzako tailerrak eta helduentzako musika emanaldiak egingo dituzte, eta sendabelarrak, ukenduak eta bestelakoak saldu nahiko dituzten animatzaileak ibiliko dira inguruan. XX. mendeko Theda Bara aktorea, historiako lehen banpiroa, izango dute gogoan.

Thedasmedicine_Beldurrezko-Astea-Zinea

Horrez gain, dena den, banpiroei buruzko hainbat film izango dira ikusgai jaialdian, tartean, Bilboko Zinemakumeak gara! zikloarekin elkarlanean antolatutako saioetan, hala nola, Near Dark (Kathryn Bigelow, 1987), Buffy the Vampire Slayer (Fran Rubel Kuzui, 1992) edota A Girl Walks Home Alone at Night (Ana Lily Amirpour, 2014).

Emakumezkoak, halaber, eta haien zinemagintza, jaialdiko gai transbertsaletako bat izango da, andrazkoek zuzendutako filmak Sail Ofizialean, Zinemakumeak gara! saioetan, eta bestelako jarduera eta emanaldietan ikusi ahal izango direlako. Sail Ofizialean, esaterako, Coralie Fargeat zinegile frantziarraren Revenge (2017) arrakastatsua eskainiko dute. Sail Ofizialean lehiatuko diren film guztiak ezagutu ditzakezu hemen.

Berrikuntzak

Aurten, aurrenekoz, bi emanaldi berezi egingo dituzte jaialdian. Batetik, zaharberritutako film klasikoak berreskuratzeko helburua duen El Klasikazo saioa; bertan Steven Spielberg zinegile ezagunaren Close Encounters of the Thrid Kind filma eskainiko dute urriaren 27an, jaialdia abiatu aurretik.

Zinemapelmak-Beldurrezko-Astea-ZineaBestetik, Zinemapelmak izeneko emanaldiaren lehen edizioa antolatuko dute. Bertan, Tobe Hooper zinegilearen Poltergeist eskainiko dute, eta gidoigintzan, telebistan eta film laburren alorretan ibiliak diren Mikel Pagadi, Angel Aldarondo eta Maite Bidartek filmaren inguruko komentarioak egingo dituzte, jaialdian maiz gertatu ohi den bezala, baina kasu honetan, areto osoarentzako.

Azkaratek, bere aldetik, euskarazko eskaintza egonkortu egin dela nabarmendu du, eta horren adibide, haur era nerabeentzako Oker (Stuart McDonald, 2015) eta Laban, mamu txikia (Alicja Jaworski, Alicia Björk, Karin Nilsson, Lasse Persson eta Per Ahlin, 2006) filmen emanaldiak izango dira, baita Friends: Abentura munstroen uhartean (Takashi Yamazaki, 2011) film japoniarra ere, Kontadoresen proiektatuko baitute.

Aparteko jarduerak

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 28an inauguratuko duten arren, asteburu honetan bertan zein datorren astean, festibalarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte. Larunbatean, urriak 21, esaterako, Bang Bang Zinemaren laugarren denboraldia abiatuko dute Antzoki ZaharreanBeetlejuice (Tim Burton, 1988) eta The Thing (John Carpenter, 1982) filmen emanaldi bikoitzarekin.

Datorren astelehenean, urriak 23, Kresala Zineklubarekin elkarlanean antolatutako proiekzioa egingo dute, eta Night of the Living Dead (George A. Romero, 1968) klasikoa eskainiko dute 19:30ean Trueba zinemetan.

Urriaren 25ean, asteazkena, bestetik, Fanzineen lantegia egingo dute Tabakalerako Ubik liburutegian. Alba Feitok eskola magistrala emango du, fantasia eta beldurrezko zineman aurkitu ohi ditugun topikoak apurtzeko.

Eta egun berean, Clonerama ikuskizuna eskainiko dute Kutxa Kultur Klubean. Film klasikoak, satira moduan eta txantxetan, eskainiko dituzte denbora errealean.

Urriaren 26tik azaroaren 5era, gainera, Live Painting Kutxa Kultur performancea egingo du Paoletta artista donostiarrak Kutxa Kultur Plazan; Theda Bera oinarri hartuta, margolan bat sortuko du.

Paoletta-Beldurrezko-Astea-Zinea

Jaialdian zehar, eta Antzoki Zaharretik eta Victoria Eugenia Antzokitik at, antolatuko dituzte bestelako jardueren artean daude…

  • Halloween makillaje tailerra, urriak 31, FNACen. Beldurrezko makillajea nola egin ikasteko.
  • Halloween edition pop topaketa, azaroak 3, FNACen. Musika korearraren inguruko jardunaldia, Halloween giroan.

Jardueren eta emanaldien inguruko informazio gehiago eskuratzeko, sartu Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen atarian.