Zabalik da Working Zinema 2017 deialdira proiektuak aurkezteko epea

EPE-APV Euskal Produktoreen Elkarteak eta Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Working Zinema izeneko jardunaldia antolatuko dute aurten hirugarrenez. Ekitaldia azaroaren 14an, Zinebi jaialdiaren egitarauan, egingo dute, eta bertara proiektuak aurkezteko deialdia zabalik izango da urriaren 31ra arte.

Working-Zinema-3-Zinea-KartelaWorking Zinema jardunaldiaren hirugarren edizioara proiektuak aurkezteko epea zabalik da. 2015ean egin zuten lehen ekitaldian Norma Vilaren Jules D. proiektuak eskuratu zuen antolatzaileek emandako saria (film laburra gauzatzeko 6.000 euro eta baliabide teknikoak), eta iazkoan Bundo proiektua izan zen garaile, deialdira aurkeztu zituzten 30 proiektuen artean. Adrián Nogales egileak urtebeteko epea izan du filma errodatu eta muntatzeko, eta azaroaren 14an aurkeztuko du emaitza.

Aurtengo Working Zinema jardunaldia, hain zuzen, Bundo filmaren proiekzioarekin abiatuko dute, 10:00etan Teatro Campos Eliseos antzokian. Nogales bertan izango da emanaldiaren ostean filmaz mintzatzeko. Segidan, 11:00etan, Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren aurkezpena egingo du Agustin Atxak, bertaratuei zerbitzuaren funtzionamendua azaltzeko. Goiza amaitzeko, azkenik, dronekin filmatzeko teknikaren inguruan solastuko da Ander García Barroso Drone by Drone enpresako kidea, eta zuzeneko erakustaldia egingo du.

Arratsaldean, ostera, 2017ko Working Zinema deialdian hautatutako proiektuak aurkezteko tartea zabalduko dute. 16:00etatik 20:00etara, epaimahaiaren aurrean, pitching moduko saioak egingo dituzte, eta bertatik irtengo da aurtengo proiektu irabazlea.

Deialdian parte hartzeko interesa dutenek, urriaren 31 baino lehen eman beharko dute izena online formularioaren bidez, eta hainbat agiri prestatu beharko dituzte. EPE-APVren orrialdean kontsulta daitezke oinarriak.