Kritika: ‘The Love Witch’

The-Love-Witch-Kritika-Zinea-01Zuzendaria: Anna Biller

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

I put a spell on you, because you’re mine… Nirea zarelako sorgindu zaitut, liluratu, neureganatu, ezin zuelako bestela izan. Horrelakoa da maitasuna, ez du gupidarik, kupidorik ez, mesedez, sorginkeriak ezin baitute ezer onik egin, Anna Biller zuzendariaren The Love Witch zintak argituko duen bezala. Gaurkoan, Bilboko Zinemakumeak gara! emakume zinemagileen erakustaldiaren 22. edizioa profitatuko dut film ezin bitxiagoaren kritika egiteko.

Maitasunaren sorgina dugu Elaine, benetakoa, edabeak eta errituak egiten dituen horietakoa, bere helburua berak bezainbeste maitatuko duen norbait topatzea baita. Hori lortzeko sorginkeria erabiliko du, eta jakin ezazue bere helburuarekin tematu dela sorgina, oso, gehiegi agian, batzuetan, tamalez, gauzak ez direlako nahi bezala irteten, eta maitasun kontuetan, are gutxiago!

Filmak 70eko hamarkadako filmen estetika gordetzen du, koloretsua eta zaharkitu samarra, kolore biziak eta kitsch ukitua, Roger Corman zuzendariaren produkzioen aire bat har geniezaioke. Aktoreen lana, berriz, berezia da oso, espresioz betea, oro har, baina irrimarra eta txantxa dirudite, batere naturalak ez diren antzezpenak eskainiz. Hala eta guzti ere, elementu guzti horiek filmaren tonuari lagunduko diote, benetan garaikoa dirudien zinta vintagea osatzeraino.

Zein da arazoa ba, maitasunarekin? Obsesioa, nartzisismoa, eszeptikotasuna? Gu geu gara arazo, esku artean duguna maitatzea lortzen ez dugunean, beti ingurukoena gutiziatuz, behin lortutakoan zorroan sartzeko, gure bilduma txikian, trofeo bat.

Horrelakoa da Elainen patua, sorgin gaixoa, maitasunez eri, ezin ase, beti zain, maiteko duen norbaiten gose, behin maitatutakoan, maite ez duten horiekin soilik maitemintzen dela konturatzeko.

Eta sorginkeriez baliatuko da, gogoz, indar guztiekin, azkenik betiko maitatuko duena aurkitzeko, baina esan bezala, gupidarik ez, kupidok ez du gupidarik, ezta Elainek ere. Maitaleak bidean utziko ditu, gerrako zaurituak bailiran, joko zelaian, gorpuak. Mundu bidegabe honek Elainentzako prestatua zuena, maitasunaren bila, maitasunaren kontra dirudien mendekuan.