Bloga: Ruben Östlund: fikzioaren mugak

Ruben Östlund zuzendari suediarraren izena 2014ko Force Majeure film bitxia ikusi ondoren entzun nuen aurrenekoz. Familia suediar perfektu bat, bikote gaztea, alaba eta semea. Frantziako Alpeetan astebeteko oporraldia igarotzeko asmoz, resort turistiko dotore batera helduko dira. Tabernako terrazan daudela, bat-batean, sekulako elur-jauzi bat gainera datorkiela ikusiko dute. Adi sekuentziari:

Ongi ikusi duzue, bai. Amak bi seme-alabak besarkatu dituen bitartean, aitak mugikorra hartu eta hanka egin du. Zauriturik egon ez arren, gertaerak, ondorioak eragingo ditu familian, haien arteko harremana eta konfiantza urratuz.

Gaizka-Izagirre-Force-Majeure

Filma estreinatu eta hiru urtera, aurtengo Donostia Zinemaldian aurkeztu duen The Square liluragarriak, zuzendariaren filmografian gehiago murgiltzeko gogo piztu dit. Egoera ezohiko horiekin zer transmititu nahi duen asmatzen eta fikzioaren kontzeptu horrekin nola jokatzen duen argitzen ahalegindu nahi dut. Aipaturiko azken film honen kasuan, arte garaikideari buruzko museo bateko zuzendaria den Christianen istorioa kontatu du. Bere geruza sozialetik kanpo, bere mundutik at, ingurukoekin harremantzeko dituen zailtasunak islatu nahi izan ditu zuzendariak. Harreman sexualen, familia arteko harremanen, eta batez ere, besteen arazoen aurrean, diru apur batekin konpondu ezin daitekeen guzti horren aurrean dituen zailtasunak. Baina era harrigarri eta ezohikoan islatu du hori guztia, une deserosoz josia eta masailezurra erauzteko gai diren sekuentziaz beteta dagoelako filma. Gizon-tximinoaren eszena, adibidez! Aspaldi ez nuela horrelako une harrigarri bat bizitzen areto batean. Errealegia den amesgaiztoa, humanismoak bere alde basatiari aurre egin behar dion une horietako bat:

(sekuentziak askoz gehiago irauten duen arren, ea zer sentsazio sortzen duen zuengan)

Aurreko filmetan, baina  batez ere azken honetan, arreta berezia jarri nahiko nuke. Bizi dugun gizartearen irudi horren gardena erakutsi digu, non kosta egiten zaigun protagonisten mundu berean bizi garela imajinatzea. Min ematen duen errealitate moduko bat erakusten duelako, muturrera eramandakoa, batzuetan, baina errealitatea, azken finean. Irrealtasun batetik jaiotzen den egoera oso erreal bat sortuko balu bezala, fikzioaren muga ikusezin hori gaindituz. Force Majeure filmean egin bezala, kontrasteak bilatuko ditu beti: egoera oso arrunt batetik, drama bat eraikiko du, zapaltzen ari garen “hutsune” horren irudikapenean bilakatuko balitz bezala. Hasieran, eszena horiek barregurea eragingo digute, zentzugabeak diruditelako. Baina pixkanaka, zauria eragiten hasiko dira, oso agerikoak baitira, erraz identifikatzen ditugunak. 2014ko filma aita baten keinu koldar batekin hasi zen; azken hau, aldiz, museo baten zuzendariari, bat-batean, diru-zorroa eta mugikorra lapurtuko dizkioten unean abiatuko da.

Gaizka-Izagirre-The-Square

Cahiers du Cinéma  aldizkari ezagunak  zuzendariari eginiko elkarrizketa batean aitortu zuen, filmaren hasierako ideia hori, bere auzoan paseatzen ari zela etorri zitzaiola. Gizabidearen paradisu moduko bat den Suediako bizitegi-auzo batean, sarrera bertakoei soilik mugatzea erabaki zuten unean piztu zitzaiola. Zeri diogu beldurra? Nolako gizartea sortzen ari gara, gure lehentasuna gu geu defendatzea bada?

Bere filmografiaren errepaso txikiarekin jarraituz, baliteke, bere aurreko filmetan mezua horren agerikoa ez izatea, baina muinean, hor dagoela konturatuko zarete. 2004ko Gitarrmongot filmaren hasieran, adibidez. Ume bat kalean gitarra jotzen ari den bitartean, paraleloan, emakume bitxi bat ustez lapurtu dioten bizikleta baten bila ikusiko dugu. Une horretan, lagun kuadrilla bat, heavy musikaren erritmoan, nazien agurra entseatzen ariko da, gauetan bizikletak txikitzen dituzten bitartean. Lehenengoak, outsider moduan gizartearengatik gaitzetsiak; bigarrenek, aldiz, susmorik eragiten ez duten ume maitagarriak dirudite. Alegia, ekintzek berdin diotela, axola duen bakarra itxura da.

Gaizka-Izagirre-Gitarrmongot

Zuzendariaren filmetan, gutxitan ikusitako une deserosoak bizitzeaz gain, umore guzti horren azpian, mina eragiten duen gizartearen kritika bortitz bat dagoela ohartuko zarete. Eta horrek, agian, arbuioa sor dezake. The Square filmean, umearen eta katutxoaren bideoarekin filmaren barruan eragiten duen lurrikara pantailatik kanpo atera daiteke, gaur egungo mundu-biral-kontrolaezin horren kritika basati bat eginez. Alegia, istorio barruan salatzen dena, fikzio gisa mozorrotua, gure errealitatera estrapolatu daitekeela, askoren kontzientzia astinduz. Azpi-geruza ugari dituzten ekoizpenak izaten dira, eta oso zaila da, ezinezkoa, pizten dituen sentsazio guztiak lerro horien bidez igortzea. Orain urtebete Tony Erdman zoragarriaren ukituak sumatu ditut, batez ere pertsonaien garapenean eta umorearen erabileran. Norbanakoaren eta gizarte-animaliaren artean dagoen zulo horretan sakontzen duela esan daiteke, beti ere, objetu bilakatzen gaituzten paradoxak erabiliz. Michael Hanekeren ukituak ere maiz antzeman ditut. Plano luze eta finkoen erabileran, baina batez ere, ikuslea deseroso sentitzeko duten ahalmen horretan.

Gustuko ditut, eta asko, inortxo ere epel uzten ez duten lanak. Gorrotatu ala maitatu ditzakegunak, eta tarteko uretan geratzea ezinezko egiten dutenak. Hori da, Cannes zinema jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen The Square filmarekin Ruben Östlund zuzendari Suediarrak nirekin lortu duena. Bere lehen lanak ikusten zailagoak direnez -zentzu guztietan-, zuzendari bitxi honen azken bi filmak ikustea biziki gomendatzen dizuet.