Zinemaldiko kritika: ‘Le prix du Succès’

Le-prix-du-succes-Irudia-Zinea-01Zuzendaria: Teddy Lussi-Modeste

Urtea: 2017

Herrialdea: Frantzia

Saila: Zuzendari Berriak

Berehalakoan arrakasta izugarria lortu du komiko bezala Brahimek, eta ikus-entzuleari barrea eragiteko erraztasunak  Frantziako izar nagusia bilakatzeko bidea zabaldu dio. Atzera begiratu eta familia umil bezain apala datorkio gogora, baina beharbada, iragan malkartsu horretatik ihes egin nahiak itsutu du. Badirudi ataka estuan dagoela. Zer dela eta? Diru-goseak espero gabeko haustura eragin du familian, hain zuzen ere, bat eginda mantendu nahi duen familia horretan.

Hala, Teddy Lussi-Modestek zuzendutako bigarren film luzeak (2017 Toronto International Film Festivalean estreinatu eta Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean parte hartu duen filmak) mendebaldar kulturaren oinarrietan dagoen pasarte errepikakor batera garamatza: anaien arteko borrokara, hau da, Cain eta Abelen istorio eta kontakizun unibertsalera.

Familia atzerritar musulman bateko partaide dira Brahim eta bere anaia Mourad, eta bizirauteko (zenbait lagunekin elkarlanean), jendaurreko ikuskizun bat antolatzea erabaki dute, berehalako arrakasta lortuz. Familiarteko babesa eta elkarlana lehen arrakasta honen erakusleiho dira. Baina berehala dei egiten du tentazioak, eta berarekin batera hausturak.  Brahimek anaia eta “familia” alboratu ditu, produktore ezagun batekin negoziatuz eta erabateko arrakastaren aldeko apustua eginez. Nolabait esatearren, mendebaldeko kulturaren onarpena bilatzen duen filmaren protagonistak bere arima saldu du, familia eta honen erroak alboratuz.

Baina ez al du Le Prix du succès filmaren zuzendariak haratago begiratu nahi?  Elkarren ispilu izan beharko luketen bi anaiak ez al dira historikoki nagusitasuna eta nortasun propioa aldarrikatzen aritu diren bi zinema identitate ezberdin?

Dei diezaiogun aipatutako “mendebaldeko kultura” horri Hollywood. Eta “familia (babes)” horri Europako autore zinea. Zenbat artista, autore, aurki daitezke Teddy Lussi-Modestek kontatutako istorio honetan islaturik? Ez al da bi anaien arteko lehia hori zinema produkzioaren nagusitasunaren lehia ere? Produktore arrakastatsuak Brahimi dirua eta talde oso bat bere esku uzten dion bitartean, bere anaia Mouradek zera dio: “Ni naiz bere produktorea, bere abokatua, bere txoferra, bere bizkarzaina”. Ez al da historikoki zinema makinaria amerikarra ekoizpen eta merkaturatze europarra itotzen saiatu?

Lussi-Modestek, zineman islatuz, joko metalinguistiko bat planteatzen du filmeko bi anaien (bi zine eredu ezberdinen) aldarrikapenak eta berekoikeriak azpimarratuz. Horretarako, muntaia bizkor eta itogarri bat erabiltzen du, beti ere protagonista nagusien zalantza eta kezkak transmititzeko helburarekin. Hala, filmaren zuzendariak bete betean asmatzen du bi anaiak, jada lehen sekuentziatik, elkarren aurka jarriz.