Azpeitiko Paradisu Zinema zine-klubak eta Kulturaz kooperatibako kideek 1986an herriko mendizale eta lagun talde batek Annapurna II mendira egindako espedizioa jasotzen duen dokumentala berreskuratzeko asmoa dute, baita egileen testigantzak eta herriko giroa bilduko dituen bigarren dokumental bat egitekoa ere. Horretarako, crowdfunding kanpaina jarri dute abian Goteo.org atarian, eta urriaren 23ra arteko epea dute proiektua abian jartzeko behar dituzten lehen 10.000 eurokoak biltzeko. Agustin Arenas (Azpeitia, 1958) lehen dokumentalaren zuzendariarekin eta Kepa Urbieta (Azpeitia, 1981) proiektuaren koordinatzailearekin izan gara.
“Balio eta balore handiko istorio bat dugu esku artean”, kontatu digu Kepa Urbietak. Izan ere, Arenasen ahotik 1986ko balentriaren berri izan zutenean, zerbait egiteko beharra sentitu zuten. Bi dokumentalak osatzeko 24.000 euro bildu behar dituzte, eta horregatik, pixkanaka hastea erabaki dute. Lehen 10.000 euroekin 1986ko dokumentala digitalizatuko dute. Eta kopuru hori gainditu eta 24.000 euro eskuratzera heltzen badira, orduan bai, bigarren proiektua osatuko dute.
Arenasek xehetasun handiz oroitzen ditu ordukoak: herritarren babesa, prestaketa lanak, igoera bera… Eta filma digitalizatutakoan, herriko zinema aretoan eskaintzeko asmoa du, bere garaian ikusi ez zutenek, baina baita bigarrenez gozatu nahi dutenek ere, horretarako aukera izan dezaten. Jarraian duzue Azpeitian egin genien elkarrizketaren laburpena: