Iragan astelehenean, Anboto mendilerroaren magalean, abiatu zuen Julio Medem zinegile donostiarrak El árbol de la sangre bere film berriaren errodajea. Zazpi astez luzatuko dira grabaketak, eta Euskal Herriko, Kataluniako eta Madrilgo lokalizazioak erabiliko dituzte Marc eta Rebeca gazteen istorioa kontatzeko.

El-arbol-de-la-sangre-Errodatzen-Zinea-01

Marc katalana eta Rebeca madrildarra Euskal Herrira etorriko dira ezkondu eta haietako baten familiaren baserrian bizitzera. Bertan, bizimodu berri bat abiatuko dute, baita zuhaitzen adarrak bezala zabalduko den familia bat sortu ere. Medemen hitzetan, amodiozko film bat ez ezik, thriller bat ere gordeko du istorioak.

Aktore ugarik hartuko dute parte proiektuan: Úrsula Corberó eta Álvaro Cervantes aktoreek gorpuztuko dituzte bi protagonistak, eta Medemek lan egiten duten lehen aldia izango da haientzat. Aktore taldean, baina, Najwa Nimri, Daniel Grao, Ángela Molina, Marta Etura eta Alberto Ammann antzezleek ere hartuko dute parte.

Errodajea astelehenean bertan, urriak 9, abiatu zuten, eta datozen zazpi asteetan Euskal Herrian, Madrilen eta Katalunian grabatuko dute. Arcadia Motion Pictures, Diamond Films España eta Galetea Filmsek Noodles Productions ekoizpen etxe frantziarrarekin batera osatuko dute filma.