Una mujer fantástica

Berlingo zinemaldian gidoi onenaren saria jaso zuten Sebastián Lelio eta Gonzalo Maza txiletarrek, eta filmak Gehitu elkartearen Sebastiane Latino saria eskuratu zuen 65. Donostia Zinemaldian. Marina (Daniela Vega) abeslari izan nahi duen zerbitzaria da, eta bera baino 20 urte zaharragoa den Orlandorekin (Francisco Reyes) maitasun harreman bat hasiko du. Baina gau batean, Orlando ez da ongi sentituko eta Marinak ospitalera eramango du; bertan hilko da. Une horretatik aurrera, Orlandoren familiari aurre egin beharko dio, emakumezko transexuala den aldetik, haien arteko harremana gaitzesten dutelako eta elkarbanatzen zuten etxetik alde egin dezan nahiko dutelako. Indar handiko filma dela azpimarratu du kritikak, pasio handiko pertsonaia nagusi baten eskutik.

The Snowman (El muñeco de nieve)

Harry Hole detektibeak kasu berezi bati aurre egin beharko dio. Izan ere, emakume bat desagertu dela jakingo dute, eta pista bakarra elurrezko panpin batean azalduko den bufanda izango da. Hala, kasu berri honen bidez, aurretik jazotako beste hainbat hilketa argitzen ahaleginduko da Hole, andrazko polizia baten laguntzarekin. Michael Fassbender, Rebecca Ferguson, J.K. Simmon, Val Kilmer eta James D’Arcy aktoreek, besteak beste, hartu dute parte Tomas Alfredsonek gidatutako thriller izugarrian. Jo Nesbo idazle norvegiarraren izen bereko best selleren sagako zazpigarren eleberria du oinarrian lanak.

Hurrak eta Lapurrak 2

Zineuskadi elkartearen bidez, gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko zenbait zinema aretotan euskaraz estreinatuko dute Cal Brunker zinegile kanadarraren Hurrak eta Lapurrak sagako bigarren filma. Surlyk eta lagunek Oakton hiriko alkatea gelditu beharko dute, haien bizitokian jolas-parke erraldoi bat eraiki ez dezan. Lehen atalak izandako arrakastaren ondotik, bigarrenak kritika kaskarragoak jaso ditu.

Le redoutable (Mal genio)

Cannesko zinema jaialdiko Sail Ofizialean eskaini zuten, ostera, Michel Hazanavicius zinegile frantziar laudatuaren berriena. 60ko hamarkadan, Anna Karina emaztearengandik banandu berri zenean, Jean-Luc Godard zinegileak hamazazpi urteko Anne Wiazemsky aktorea ezagutu zuen, eta maitemindu egin ziren. Bere filmak, ordea, ez zuen harrera onik izan, eta horrek krisia eragin zuen Jean-Lucengan. 1968an frantziar gizartean jazotako gatazkak, protestak eta herritarren haserrea erakutsi nahi izan ditu filmak, baina orotarako kritikak jaso ditu; zenbait adituren iritziz, filmak ez du helburua lortuko, eta ikusleak nekatuko ditu.

The Glass Castle

Jeanette Wallsen memorietan oinarritutako filma dakar, bere aldetik, Destin Cretton zinegileak. Brie Larson, Naomi Watts eta Woody Harrelson aktore ezagunak batu dira proiektura. Egiturarik gabeko familia nomada inkonformista bat; ama berezia, loturarik gabeko arima, eta aitak irudimen handia eta alkoholarekin arazoak izango ditu. Jeannette arrakasta handiko kazetaria da, baina familia izango da bere sekreturik handiena. Maitasuna eta gorrotoa sentituko ditu haiekiko, zoriontsu izaten ikasi duen arren.

Annabelle: Creation

The Conjuring sagako film berria David F. Sandberg zinegileak zuzendu du, 2014an John R. Leonettik aurkeztu zuen lanaren bigarren atala. Alaba hil zenetik hainbat urte igaro direnean, jostailu-egile batek eta haren emazteak neskatila talde bat hartuko dute etxean, haientzako umezurztegi goxo bat muntatzeko asmoz. Maizter berriak, baina, Annabelle panpinaren helburu bilakatuko dira, eta haiek akabatzen ahaleginduko da. Stephanie Sigman, Talitha Bateman, Lulu Wilson, Philippa Anne Coulthard eta Grace Fulton dira, besteak beste, proiektuan parte hartu duten aktore estatubatuarrak.

Logan Lucky (La suerte de los Logan)

Channing Tatum, Riley Keough eta Adam Driver aktoreak Jimmy, Mellie eta Clyde Logan anaiak antzeztuko dituzte, hurrenez hurren. Familiaren madarikazioarekin amaitu nahiko dute, eta Concorden, Ipar Carolina (AEB), ospatuko den auto lasterketa bat baliatuko dute lapurreta potolo bat egiteko. Ocean’s Eleven (Steven Soderbergh, 2001) sagako filmen sortzaileen eskutik helduko zaigu komedia dibertigarria, tarte atsegin bat igarotzeko aukera eskainiko diguna.

The Only Living Boy in New York (Canción de Nueva York)

Callum Turner aktoreak antzeztutako Thomas Webb gazte isil eta lasaia berriki lizentziatu da. Gau batean, jatetxe batean, bere aita ikusiko du emakume erakargarri batekin afaltzen, eta amodio-historia bat dutela jakingo du. Une horretan, asko haserretuko da aitarekin, eta harreman hori eteteko ahaleginak egingo ditu; horrenbeste saiatuko da, non emakumearekin amodiozko harreman bat hasiko duen. Marc Webb zinegileak, Allan Loeben gidoiarekin, osatu duen drama erromantikoan hartu dute parte Kate Beckinsale, Pierce Brosnan, Cynthia Nixon eta Kiersey Clemons aktore ezagunek.

Sólo se vive una vez

Espainiaren eta Argentinaren artean osatutako produkzioak akzioa eta komedia uztartuko ditu. Filmeko protagonista Peter Lanzani aktoreak gorpuztutako Leo izango da; hilketa baten lekuko izango da, eta Duges (Gérard Depardieu), López (Santiago Segura) eta Harken (Hugo Silva) odolzaleengandik ihes egiteko, beste nortasun bat hartu beharko du. Federico Cuevak zuzendu du filma.