Kritika: ‘Blade Runner 2049’

Blade-Runner-2049-Kritika-03Zuzendaria: Denis Villeneuve

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Nortasun galduaren bila, oroitzapenetan zehar, automata baten gisa, Metro, Boulot, Dodo, lana, metroa, lo egin, eta has gaitezen berriro, egunerokotasunean, zurbil, modernitatearen behe-lainoetan galduta. Iragarkiak nonahi, han eta hemen, pobrezia galtzetatik tira egiten dizun ume txiroaren eskutik, kutsadurak dena bereganatu duen etorkizunean.

Asmatuko zenuke robotaren eta pertsona fisikoaren artean bereizten? Zerk egiten gaitu ba, izaki bizidun? Arimak, nortasunak, oroitzapenek akaso? Maitatzeko gaitasunak? Zerk? Modernotasunaren munduan guztiok zurbiltasuna barneratu dugunean, funtzioak betetzen ditugunean, piezak, ordezkagarriak, baliogabeak, bitartekariak, xake partidako peoiak gara ekuazioan.

K, ergatiboa bera, eragilea, eraginkorra, zentzuduna, gure protagonista; ez du galderarik egiten, zertarako? Aginduak argiak direnean, askatu korapiloa, nahikoa da horrekin. K hizki bat da, zenbaki bat, makina bat, esku artean kasu aparta aurkeztuko zaion arte. Errealitate karratutik ateratzera behartuko duten arrazoiak aurkituko ditu Ryan Goslinek (K), azkenik, lanbroa gainditzea lortuko duen arte, errealitate monokromatikoetatik haratago iristeko, bere baitan balio handiz gordetzen zituen bizi aztarnei arreta jartzeko.

Denis Villeneuvek zuzendu duen Blade Runner mitikoaren bigarren atal honek, jatorrizko filmak proposaturiko eztabaida filosofikoen lekukoa modu aski trebean hartuko du, lan latza bazirudien ere, zuzendariak nortasunaren, bizitzaren eta gizatasunaren gakoetan sakonduko baitu, bizidunak nola eta noiz garen gure buruei galdetzeko. Egun gatazkatsuak izaten jarraitzen duten koskak argitzera iritsiko ez bada ere, hausnarketei aldagai berriak gehituko dizkie, oraindik argitu ez diren paradigmak mahai gainean jarrita, haien inguruan ausnartu dezagun. Zein da robotagoa, nor da bizidunagoa? Zerk egiten gaitu berezi, desberdin, bakar?

Eta beste behin ere, magiaz arituko zaigu, eredu guztien gainetik ulergaitzak zaizkigun arrazoiengatik plano guztiak zeharkatu ahal izango ditugulako, gogoak horretara eramateko gaitasuna baitu. Sinesmenak eta sinesteak ematen diguten botere jainkozkoak ukitu izan bagintu bezala.

Horreloak dira Blade Runner 2049 zintan aurkituko ditugun androideak, beste behin ere, beren buruen jabetza eskuratzeko zorian dauden izakiak, artalde izateko ikasiak, iraultza baten taupada siliziozko zainetan, bizirik daudela argi ez balego bezala.

Filmaren kalitatea izugarria da, argazki liluragarria, kolore, plano eta lokalizazio ikaragarriak. Aktoreak neurtuak, oso, epika ezpainetan, gehiegi agian, une batzuetan, baina badakizue, mitoaren hatsa lepoan izan behar da, nola bestela! Eta istorioa, zer esan, 163 minutuko iraupena duen zintak ez gaitu batere aspertuko, jakin-mina txertatuko digulako azalean, txip bat, gure aztarna jarraitzeko, gure gizatasuna frogan jartzeko.

Ondo ireki begiak, zentzumenak, Voight-Kampff galdetegia pasako digute-eta guztioi, sentimendurik ote dugun jakiteko. Esango didazue hala den, zain naukazue, elurpean, malko izoztuetan, erantzunaren zain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude