1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako gertakari historikoak kontatuko dituen Vitoria, 3 marzo dokumentala errodatzen hasi dira Arabako hiriburuan. Grabaketak bost edo sei astez luzatuko dira, eta Gasteizen filmatuko dute osorik. Victor Cabacok zuzendutako filmeko zenbait sekuentziatan boluntarioen laguntza beharko dute, eta izena emateko deialdia zabalik da jada.

Vitoria-3de-marzo-Errodajea-Zinea

Milaka langilek greba egin zuten Gasteizko kaleetan 1976ko martxoaren 3an, beren eskubideen defentsan. Madrildik diseinatutako polizia operatiboak, ostera, sekulako indarkeria erabili zuen haien aurka, eta bost hildako eta ehundaka zauritu utzi zituzten egun hartan jazotako erasoek. Egileak ez dira sekula epaituak izan.

Víctor Cabacok zuzenduko du Juan Ibarrondok idatzitako gidoidun filma. Sonora Estudios eta Gariza Films ekoizpen etxeak daude proiektuaren atzean, eta aktore lanetan, antzerkigintzatik datozen Amaia Aberasturi, Ruth Díaz, José Manuel Seda edota Alberto Berzal bezalako profesionalak ariko dira. Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak bultzatu du proiektua, halaber.

Filmeko protagonista José Luis kazetaria izango da; bere egunerokoa oso aspergarria izan ohi da, baina martxoaren 3ko gertakariek zuzenean eragingo diote, Begoña alaba protesten biktimetako bat izango baita. Hiria aldatzen ariko da, langileek soldata hobeak, baina baita aldaketa sozial eta politikoak ere galdatuko dituzte; aldiz, patronalak eta aginteak ez dute halakorik onartuko, eta edozer egingo dute mugimendua gelditzeko.

Boluntarioen beharra

Filmaren errodajea atzo, urriak 9, abiatu zuten, eta sei astez luzatuko dira grabaketak. Zenbait sekuentzietan, baina, ehunka lagun beharko dituzte protestak eta borrokak irudikatzeko, eta horregatik, boluntarioei dei egin diete. Dagoeneko 300dik gora lagunek eman dute izena, baina gehiago behar dituzte. Interesa izanez gero, online eman daiteke izena, eta whatsapp bidez, 644 847 659 zenbakian.