Euskadiko Filmategiak Daniel Calparsorori eskainiko dio udazkeneko zikloa

Daniel Calparsoro (Bartzelona, 1968) zinegilea izango da Euskadiko Filmategiaren argitalpen berriko zein udazkeneko zikloko protagonista. Izan ere, gaur bertan, urriak 10, aurkeztu dute zuzendariari eskainitako lana, eta bihartik aurrera, haren filmografia izango da ikusgai Tabakalerako zinema aretoan.

Daniel-Calparsoro-Filmategia-Zinea

Calparsoro Hondarribian hazi zen, eta Zientzia Politikoak Madrilen eta Zinemagintza New Yorken ikasi zituen. Gurera itzulita, hainbat film labur grabatu zituen, baina lehen luzea Salto al vacío izan zen, 1995ean, Najwa Nimri aktore eta bikotekidearekin. Filmak Calparsororen zinemagintzan ohiko bihurtuko ziren ezaugarriak zituen, hala nola, protagonistaren izaera gogor eta errebeldea, eta bazterreko auzoetako testuinguru sozialak. Jarraian etorri ziren Pasajes (1995), A ciegas (1997), Asfalto (2000), Guerreros (2002) eta Ausentes (2005).

Enrique Urbizu zinegilearen hitzetan, Calparsororen lanak “askeak eta tentsio handikoak, amorruz betetakoak, biziak, sarritan deseresoak, intuitiboak eta arrazionalak dira”. Horregatik, Michel Gaztambide gidoilariaren laguntzarekin, Calparsororen eta Urbizuren arteko topaketa egingo dute bihar, urriak 11, 18:00etan Tabakalerako Z aretoan. Jarraian, 20:00etatik aurrera, Calparsosoren La Playa laburra (1990) eta Salto al vacío lehen film luzea eskainiko dituzte zinema aretoan.

Zikloaren egitaraua duzue jarraian, eta sarrerak 3,5 euroan eskuratu ahal izango dira Tabakalerako Informazio Puntuan:

  • Urriak 11, asteazkena, 18:00etan Z aretoan: Daniel Calparsororen eta Enrique Urbizuren arteko topaketa.
  • Urriak 11, asteazkena, 20:00etan 1. zinema aretoan: La Playa film laburra eta Salto al vacío film luzea izango dira ikusgai.

  • Urriak 18, asteazkena, 19:00etan 2. zinema aretoan: El síndrome Rufus (1989) bere lehen laburra, eta Pasajes (1996) eskainiko dituzte.
  • Urriak 19, osteguna, 19:00etan 2. zinema aretoan: Fedorak (1991) film laburra eta A ciegas (1997) luzea emango dituzte.

  • Urriak 25, asteazkena, 19:00etan 2. zinema aretoan: W.C. (1992) film laburra eta Asfalto (2000) luzea izango dira ikusgai.

  • Azaroaren 9an, osteguna, 19:00etan 1. zinema aretoan: Kalebegiak proiektu kolektiborako osatu zuen Testimonio (2016) laburra eta Guerreros (2002) film luzea emango dituzte.

  • Azaroak 23, osteguna, 19:00etan 2. zinema aretoan: Ausentes (2005) film luzea eskainiko dute.

  • Azaroak 30, ostirala, 19:00etan 1. zinema aretoan: Invasor (2012) film luzearen txanda izango da.

  • Abenduak 7, osteguna, 19:00etan 2. zinema aretoan: Combustión (2013) film luzea izango da ikusgai.

  • Abenduak 21, asteartea, 19:00etan 1. zinema aretoan: Cien años de perdón (2016) bere film berriena eskainiko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude