Gracia Querejetak zuzendutako eta Telecinco Cinema, Historias del tio Luis eta Bowfinger International Pictures ekoizpen etxeek ekoitzitako Ola de crímenes komedia beltzaren errodajea gaur bertan, urriak 9, hasi dute Portugaleteko Bizkaia Zubian. Datozen hiru asteetan Bilbon eta Getxon errodatuko dute, eta ostean Madrilera joango dira beste lau astez. Filmeko protagonistak Maribel Verdú, Paula Echevarría eta Raúl Arévalo aktoreek gorpuztuko dituzte, besteak beste.

Portugaleteko-Zubia-Ola-de-Crimenes-Zinea

Leyre alarguna eroso bizi da Neguriko bere txaletean, haserrealdi batean, semek senarra hilko duen arte. Amak semea babestuko du, eta hilketa ezkutatuko dio Ertzaintzari. Baina horrek beste hainbat krimen egitera bultzatuko du, eta pixkanaka, gauzak zailtzen joango dira akzioz beteriko komedia beltzean.

Filma Luis Marías bilbotarrak idatzi du, eta horregatik, istorioa Bilbon eta inguruetan girotuta dago: Getxoko kaleetan, Olabarri jauregian, Botikazar erriberan, Portugaleten…  Hiru milioi euroko aurrekontua du, eta Universal etxea arduratuko da filmaren banaketaz. Aktore taldea, halaber, Marivel Verdúk, Paula Echevarríak, Luis Tosarrek, Raúl Arévalok, Juana Acostak eta Antonio Resinesek, besteak beste, osatuko dute.

Gracia Querejeta zuzendariaren hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Film Comissionek “ikaragarri erraztu” diete errodajea. Akzio askoko komedia izango da, “oso femeninoa”, eta borrokak eta tiroketak filmatu beharko dituzten arren, errodajea zazpi astetan amaitzeko asmoa dute.