Nafarroako Horror Online Art jaialdiaren egitaraua kaleratu dute

Urriaren 17an, 19an, 24an eta 28an egingo dute Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren VI. Festibala, Horror Online Art. Dozenatik gora film labur lehiatuko dira jaialdian, eta horrez gain, egungo beldurrezko film onena izendatu duten Don’t Breathe (Fede Álvarez, 2016) film luzea ere eskainiko dute.

Horror Online Art jaialdiak bi egoitza nagusi izango ditu: Iruñeko el Corte Ingléseko areto kulturala, batetik, eta Iturramako Civivox aretoa, bestetik. Ekitaldiak urriaren 17an, asteartea, abiatuko dituzte, 19:00etan, eta besteak beste, Fernando González-Gómezen Downunter, L. S. Daviden Frecuency, Raúl Mancillaren Leica Story eta Davide Meliniren Lion film laburrak eskainiko dituzte. Saioak doakoak izango dira, baina Civivoxen egingo dituzten emanaldietarako aurrez gonbidapena eskatu beharko da.

Urriaren 19an, halaber, film laburren emanaldiekin jarraituko dute, baina kasu honetan Civivox Iturrama aretoan izango da. Amo (Alex Gargot), Lost Face (Sean Meehan), Memorias del agua (Anaís Medina eta Tony Navarro) eta Terapia de choque (Victor Mallo) bezalako lanak izango dira ikusgai 19:00etatik aurrera.

Urriaren 24an, ostera, Fede Álvarezen Don’t Breathe luzea eskainiko dute 19:00etan El Corte Inglésen. Filmak agure itxu baten etxera lapurreta egitera sartuko diren gazteen istorioa kontatuko du. Sekulako aukera dutela pentsatuko dute haiek, baina etxera sartu bezain laster ohartuko dira, psikopata baten tranpan erori direla.

Jaialdia borobiltzeko, azkenik, film laburren azken emanaldia eta sari banaketa ekitaldia egingo dituzte hilaren 28an Civivox Iturraman. 18:30etik aurrera, zortzi film labur eskainiko dituzte, hala nola, The Bet (Mari Cielo Pajares) eta Snow Girl (Ilina Perianova), eta egileak zein beste hainbat gonbidatu emanaldian izango dira.

Jarraian, sari banaketa ekitaldia egingo dute, eta besteak beste, ikusleek emanaldi bakoitzaren ostean egingo duten balorazioaren bidez, ikus-entzuleen saria banatuko dute. Gainerako garaikurrak epaimahaiak emango ditu.

Horror-Online-Art-Zinea-Egitaraua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude