Hirugarrenez, ‘Bidaiariak zinera!’ ekimenak euskal eta europar zinema sustatuko du

EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak eta Zineuskadi elkarteak elkarlanean antolatutako Bidaiariak zinera! ekimenaren hirugarren edizioa urriaren 11n, asteazkena, jarriko dute abian. EZAEko 59 zinema aretok egin dute bat kanpainarekin, eta ikus-entzuleek bi euroko deskontua izango dute euskarazko, Euskal Herriko eta Europako filmak ikusterako orduan, orden horretan.

Bidaiariakzinera-kartela-Zinea-02Ikus-entzuleak zinema aretoetara erakartzea eta tokiko zein europar zinemagintzaren kontsumoa sustatzea du helburu EZAEk eta Zineuskadik antolatutako Bidaiariak zinera! kanpainak. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta antolatzaileen hitzetan, egitasmoak badu arrakasta, iaz, bi hilabete eta erdiko epean, 20.000 sarrera baino gehiago saldu baitzituzten.

Hirugarren edizioa urriaren 11n, asteazkena, jarriko dute martxan, eta bi euroko deskontuarekin ikusgai izango den lehen filma Zineuskadi elkarteak euskarara bikoiztutako Hurrak eta Lapurrak 2 izango da. Cal Brunker zinegile kanadarraren lan berrienak Surlyren eta haren lagunen abenturak pantailaratuko ditu; oraingoan, Oakton hiriko alkatea gelditu beharko dute haien bizitokia eraitsi ez dezan jolas-parke bat eraikitzeko.

Bidaiariak zinera! ekimenarekin 59 zinema aretok egin dute bat, ondorengoek: Donostiako SADE enpresaren Príncipe eta Antiguo Berri aretoek, Durangoko Gran Zugaza zinemak, Eibarko Coliseo Antzokiak, Mungiako Torrebillela Zinemak, Getxo Zinemak-ek, Zornotza Aretoak eta Muskizeko Meatzari Zinemak. Horiez gain, Hirutek enpresaren lau aretok ere hartuko dute parte: Andoaingo Bastero Kulturguneak, Zumarragako Zelai Arizti aretoak, Billabonako Gurea Aretoak eta Oñatiko zineak. Halaber, Bilboko Golem Alhóndigak, Circuito Coliseok, Laudio Top Zinemak, Beasaingo Usurbe Antzokiak eta Errenteriako Niessen Zinemak ere eskainiko dute deskontua.

Antolatzaileek ez dute ekimenaren amaiera-data argitaratu, beraz, aprobetxatu datozen egunak zinemaz gozatzeko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude