Foru Aldundiak urteko hirugarren hiruhileko laguntza zuzenak eman ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko hirugarren hiruhilekoan emandako zuzeneko diru-laguntzak kaleratu ditu, eta proiektuen artean, ikus-entzunezkoekin lotura duten bi egitasmo daude: García Goena, caso abierto dokumentala, eta Elkarrekin – Together dokumentala barne hartzen duen Sentitu, pentsatu, ekin. Elkarrekin proiektua.

Elkarrekin-Together-Laguntza-Zinea

65. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zuten Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoak zuzendutako Elkarrekin – Together dokumentala. Ikus-entzunezkoa proiektu zabalago baten barruan kokatzen da, demokraziari buruzko ezagutzak sakontzeko helburua duen unitate didaktiboa osatzen ari baita Elkarrekin – Together elkartea. Bada, proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza zuzenetako bat jaso du.

Ez da bakarra izan, García Goena GALen azken biktimaren kasuari buruzko dokumentalak ere Aldundiaren babesa jaso baitu. New Digital Media Euskadi ekoizpen etxeak gidatu du proiektua, Juan Carlos García Goenaren heriotzaren 30. urteurrena dela-eta. Laura Martin alarguna, José Amedo Bilboko Polizia Nazionaleko komisario ohia, Rafael Vera Estatuko Segurtasun Idazkaria, Emilio Rodríguez Menéndez abokatua, eta kasuan parte hartu zuten beste hainbat lekuko elkarrizketatu dituzte dokumentalean. Uztailean estreinatu zuten ETB2n.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude