Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia jarriko du Aldundiak Tabakaleran

Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia jarriko du martxan 2018an Tabakaleran, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusi Mikel Irizarrek iragan ostiralean, urriak 6, Hernaniko Orona Ideon egin zuten jardunaldian aditzera eman zuenez. Asteotan, gainera, nazioarteko eragileak eta haien ereduak ezagutzeko saioak antolatu dituzte, proiektuaren diseinuan laguntzeko.

Euskarazko-Ikus-entzunezkoen-Laborategia-Zinea-01

2016an abiatu zuen Aldundiak Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia osatzeko prozesua. Horretarako, Goiena Komunikazio Taldeko eta Mondragon Unibertsitateko adituengana jo zuen, eta haiek arduratu dira sektoreko eragileen ekarpenak jasotzeaz, euskarazko ikus-entzunezkoen alorrean egon daitezkeen gabeziak identifikatzeko.

Fase hori amaituta, proiektuaren lehen oinarriak aurkeztu zituzten urriaren 5ean, eta 6an ikus-entzunezko sektoreko 50 eragile eta ordezkari bildu zituen jardunaldia egin zuten Hernaniko Orona Ideo gunean, proiektu esperimentalaren inguruan gogoeta egiteko. Bertan, Garazi Goia ikus-entzunezko estrategian eta telebistaren merkatu anglosaxoian esperientzia zabaleko adituak Britainiar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak izeneko hitzaldia eskaini zuen, eta Jaime Otamendi kazetariarekin batera, solasean aritu zen.

Dena den, ez da gisa honetako lehen jardunaldia, Danimarkako Danish Business Authority bulegoko zuzendari Betina Hagerupekin topaketa ere antolatu baitzuen Aldundiak iragan maiatzean. Eta urriaren 31n eta azaroaren 6an, halaber, solasaldiak eta world-kafe formatuko dinamikak egingo dituzte, nazioarteko esperientziak zein bertakoak ezagutzen eta elkartrukatzen jarraitzeko.

Proiektuaren xedeak

Izan ere, Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia gune berritzailea izango da, eta diseinuaren azken fasea bideratzen ari da orain Aldundia. Hainbat eginkizun izango ditu: batetik, behatoki gisa funtzionatuko du, industriarako aukera berriak hautemanez eta ekimen berriak proposatuz. Horrez gain, sorkuntzarako espazio eta dinamikak ere eskainiko ditu, eta azkenik, prototipoak garatzeko eta produkzio fasera igaro aurretik lanak probatzeko aukera eskainiko du.

Tabakalerako ekosisteman integratuko da, eta bere zabalkundeari emango dio garrantzia. Sektorearen parte-hartze zuzena ere bultzatuko du, eta eragileen arteko interakzio eta elkarlana bultzatzea izango du xede, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude