Estreinaldiak: Urriak 6

Morir

Fernando Francok 65. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu du Kowalski Films eta Ferdydurke ekoizpen etxeen artean osatutako lana. Luis eta Martaren bizitzak bat batean etengo dira gaitz baten ondorioz, eta eriak erruduntasuna, gezurrak eta beldurra ekarriko ditu bikote-harremanera. Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix dira filmeko aktore nagusiak, Iñigo Aranbururekin batera, eta Maite Arroitajauregi Mursego arduratu da musikaz.

Blade Runner 2049

Ridley Scotten Blade Runner filma estreinatu zutenetik 30 urte igaro direnean, Denis Villeneuve zinegileak Ryan Gosling, Harrison Ford, Ana de Armas eta Jared Leto aktoreak elkartu ditu sagaren bigarren atala osatzeko. Oraingoan, K izeneko Los Angeleseko Poliziarentzat lan egiten duen blade runnerrak (Gosling) urte luzez gordeta egon den eta gizateriaren kaosa deuseztu dezakeen sekretua jakingo du. Ondorioz, Rick Deckard (Ford) bilatu beharko du, 30 urtez desagertuta egon den blade runnerra.

Une vie (El jardín de Jeannette)

Stéphane Brizé zinegileak XIX. mendean girotutako drama aurkeztu zuen iaz Veneziako Sail Ofizialean. Komentu batean ikasketak amaitu ostean, Jeanne gaztea etxera itzuliko da. Julien de Lamare izeneko bizkonde batekin ezkonduko da, baina ez da zoriontsua izango, eta bere ametsak desagertzen ariko direla sentituko du neskak. Judith Chemlak, Yolande Moreauk eta Jean-Pierre Darroussinek gorpuztu dituzte filmeko pertsonaia nagusiak.

The Mountain Between Us (La montaña entre nosotros)

New Yorkera zuten hegaldia ekaitz gogor baten ondorioz bertan behera geratu ostean, Alex Martin argazkilari ezagunak (Kate Winslet) eta Ben Bass neurozirujauak (Idris Elba) abioi txiki bat alokatuko dute Denverrera joan eta handik, gauez, New Yorkera hegan egiteko. Baina Coloradoko mendiak zeharkatzen ari direnean istripu bat izango dute, eta gailurrean harrapatuta geratuko dira, inorekin komunikatzeko aukerarik gabe. Elkarrengan sinistu beharko dute bertatik bizirik irteteko. Hany Abu-Assad zinegilek zuzendu du orotariko kritikak jaso dituen film estatubatuarra.

An Inconvenient Sequel: Truth to Power

Bonni Cohen eta Jon Shenk zinegileek, ostera, aldaketa klimatikoaren auzia mahai-gainean jarri zenetik hamarkada bat igaro den honetan, iraultza energetikoa egikaritzetik oso urrun gaudela erakutsiko digun dokumental indartsua osatu dute.

Toc Toc

Vicente Villanueva zinegile espainiarrak, ostera, Laurent Baffie umorista frantziar ezagunaren antzezlana pantaila handirako egokitu du. Hala, desoreka obsesibo-konpultsiboa duten hainbat gaixo psikologoaren kontsultan elkartuko dira, baina sendagilea berandu iritsiko da, eta haren zain dauden bitartean, nork bere mania, bulkada eta errituak kontrolpean izan beharko ditu. Paco León, Rossy de Palma, Alexandra Jiménez, Óscar Martínez, Adrían Lastra eta Nuria Herrero aktore espainiar ezagunek hartu dute parte proiektuan.

The Shack (La cabaña)

AEBetatik, halaber, The Shack erlijio giroko drama helduko zaigu, William Paul Young idazlearen eleberri arrakastatsuan oinarritutakoa. Mackenzie Allen Phillipsen alaba gazteena duela lau urte bahitu zuten, oporretan, eta Poliziaren ikerketen arabera, Oregon (AEB) estatuko mendietan galdutako etxola batean erahil zuten neskatila, indarkeria handiz. Mackek ezin izan du galera gainditu… Baina egun batean Jainkoak idatzitako gutun bat jasoko du, txabolara joateko gonbidapenarekin. Eta neguko arratsalde hotz batean, txabolaren aurrean ikusiko du bere burua, ametsik ilunenak burutik ezabatzeko gogoz.

A Dog’s Purpose (Tu mejor amigo)

Lasse Hallström zinegilearen berrienak, ordea, Bailey txakurraren istorioa kontatuko digu, eta nola, bizi izandako bizitza bakoitzean, jabeak aldatu ahala, bere helburua ere egokitzen joan den. Komedia eta drama uztartuko dituen film korala, gorputza eta arima gizakion alde ematen duten animalia maitagarrien inguruan.

El último traje

Pablo Solarz zuzendari argentinarrak Abraham (Miguel Ángel Solá) 88 urteko jostun judutarrak egingo duen bidaia kontatuko du. Zazpi hamarkada lehenago, holokaustoaren garaian, heriotzatik salbatu zuen lagunaren bila abiatuko da Poloniara, eta Europa osoa zeharkatuko du, tokian tokiko herritarren laguntzari esker.