Ana Murugarren zinegile nafarraren La higuera de los bastardos filma azaroaren 24an helduko da zinema aretoetara. Literatura Sari Nazionala jaso zuen Ramiro Pinilla idazlearen La higuera eleberria du oinarrian filmak, eta Rogelio falangistaren istorioa kontatuko du. Filmaren irudia eta trailerra kaleratu berri dituzte.

Carlos Areces, Karra Elejalde, Jordi Sánchez, Ylenia Baglietto, Ramón Barea eta Mikel Losada aktoreek, besteak beste, hartu dute parte Murugarrenek zuzendari gisa bakarrik gidatu duen bigarren film luzean, eta errodajea 2016ko udan egin zuten, tartean, Bilboko eta Getxoko lokalizazioetan.

Elejaldek Espainiako Gerra Zibilean euskaldunak erailtzeko agindua jasoko duen Rogelio izeneko falangista gorpuztuko du. Biktima baten semearen begiradak, ordea, hipnotizatu egingo du, eta hazten denean bere bila etorriko dela pentsatuko du. Une horretatik aurrera, Rogelioren jokaera erabat aldatuko da, eta haurrak aita eta anaiaren hilobian landatu duen pikondoa ureztatuko du gauero. Urteek aurrera egingo dute, eta Rogelio zuhaitzarekin sinbiosian bizi den eremita bilakatuko da. Ondorioz, erromesak mirariak eskatzera joaten hasiko zaizkio.

Filmak umore beltza eta ukitu esperpentikoak izango ditu, drama eta komedia uztartuz. Izan ere, Pinillak idatzitakoa bere horretan mantendu nahi izan dute gidoian.

Estreinaldia

Filma Holandako Film by the Sea jaialdian estreinatu zuten irailean, literatura oinarrian duten filmentzat Vlissingen hirian egiten duten festibalean. Azaroaren 24an, ostera, zinema aretoetara helduko da.

La-higuera-de-los-bastardos-Kartela-03