Emakumeek zuzendutako filmen zikloa egingo dute urrian Nafarroako Filmotekan

Emakumeak eta Zinema ekimena 2010ean sortu zen andrazko espainiarrek egindako zinema dinamizatzeko eta ezagutarazteko. Horretarako, film garaikide esanguratsuenen proiekzioekin, mintzaldiekin, mahai-inguruekin, topaketekin eta orotariko tailerrekin osatutako erakusketa ibiltaria antolatzen dute urtero. Bada, Nafarroako Filmotekak bat egin du programarekin, eta urrian emakumezko espainiarrek zuzendutako hiru film eskainiko ditu.

Emakumeak eta Zinema ekimenak andrazkoak istorioen narratzaile eta protagonista gisa erakutsi nahi ditu, eta zineman, kulturan, gizartean eta historian izan duten irudikapena aztertu. Haien zinemagintza erakusteko, 80tik gora aurkezpen eta 100dik gora emanaldi antolatu dituzte azken urteetan, eta 35.000 ikuslek hartu dute parte saio horietan.

Nafarroako Filmotekak, halaber, Guk ere kontatzen dugu zikloa antolatu du urrian, eta andrazkoek zuzendutako ondorengo hiru film eskainiko dituzte:

  • Urriaren 4an, asteazkena, 20:00etan, Cristina Ortegaren Los sonidos de la soledad. Espainiako landa eremuan bizi diren bost emakumeren egunerokoa erakutsiko du filmak, eta egilea aurkezpenean izango da.

https://vimeo.com/cristinaortegablanco/teaser

  • Urriaren 13an, ostirala, 20:00etan, Marina Seresesky zinegilearen La puerta abierta (2016). Carmen Machi, Terele Pávez, Asier Etxeandia, Lucía Balas eta Sonia Almarcha aktoreek hartu dute parte Rosa prostitutaren istorioa kontatuko duen komedia dramatikoan.

  • Urriaren 18an, asteazkena, 20:00etan, Catalina Mesa zinegilearen Jericó. El infinito vuelo de los días (2016). Dokumentala eta fikzioa uztartzen dituen lanak Kolonbiako Jericó hirian bizi diren emakumeen bizitzak erretratatuko ditu.