Amurrioko film laburren Begibistan jaialdia gaur bertan, urriak 4, inauguratuko dute Ofibistan saileko filmen lehen emanaldiarekin. 20:00etan izango da, Amurrio Antzokian, eta bost film labur eskainiko dituzte, tartean, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Renovable (Kimuak 2016). Larunbatean egingo dute sari-banaketa ekitaldia, eta igandean Oskara Plazara dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Kukai Dantza Konpainiaren eta Arena Comunicación Audiovisualen eskutik.

Begibistan-2017-Zinea-Kartela-04Begibistan Zinemaren Astearen helburua euskal film laburren kontsumoa sustatzea da, eta aurtengoan, deialdira aurkeztu dituzten 271 lanen artean 27 aukeratu dituzte jaialdiko Ofibistan sail ofizialean aurkezteko. Lanok lau saiotan emango dituzte, eta larunbatean sari banaketa ekitaldia egingo dute Susana Soleto eta Iñigo Salinero aurkezleen gidaritzapean.

Animaziozko lanak, fikzioak zein dokumentalak nahasiko dituzte, tartean, Aitor Oñederraren All I Need is You, Alejandro Díazen Ihesa edota Iñigo Salaberriaren Lo-Ibiltariak. Egitarau osoa kontsulta dezakezue jaialdiaren atarian.

Javier Alonso Aldama EHUko irakasleak, Txani Rodríguez idazleak eta Ainhoa Urgoitia ekoizle eta gidoilariak osatutako epaimahaiak sari esanguratsuak banatuko ditu, hala nola, Ofibistan saileko film labur onenaren 1.200 euroko saria. Eta horrez gain, aurtengo Ohorezko Txapela Josean Bengoetxea aktorearentzat izango da. Dozenaka film luze zein laburretan hartu du parte, tartean, Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014), Igelak (Patxo Telleria, 2016), Fe de etarras (Borja Cobeaga, 2017) edota hil honetan estreinatuko duten Errementari (Paul Urkijo) filmetan.

Jaialdia borobiltzeko, halaber, Oskara Plazara dantza ikuskizuna eskainiko dute igandean, urriak 8, 19:30etik aurrera, Amurrio Antzokian. Dantza eta zinema uztartzen dituen emanaldia da, izan ere, Pablo Iraburu eta Iñaki Alforja nafarrek Kukai Dantza taldeko kideekin batera osatu dute dokumentala. Sarrerak bost euro balioko ditu.