Euskara hutsean egiten den Hego Euskal Herriko zinema jaialdi bakarra da Lekeitioko Euskal Zine Bilera, eta 40. edizio borobila urriaren 14tik 21era luzatuko da. 38 film izango dira ikusgai orotara; horien artean 24 amateurren kategorian lehiatuko dira, eta zazpi profesionalenean. Irailaren 20an, halaber, Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia arrakastatsua eskainiko dute, eta XIII. Kameratoia film laburren rallya ere bertan egingo dute.

Euskal-zine-bilera-40-zinea-02Armintxetako kobazuloan aurkitutako labar-pinturak eraman dituzte Euskal Zine Bileraren 40. edizioko kartelera, Lekeitioren iragana egungoarekin eta etorkizunarekin lotzeko asmoz. Izan ere, jaialdiak lau hamarkada beteko ditu aurtengoan, eta horren erakusle, lehian ariko diren filmen maila altua eta eskaintza zabala izango dira.

Lanok bi kategoriatan lehiatuko dira: 24 film amateurren kategorian, eta zazpi profesionalenean. Horrez gain, lehiaketaz kanpoko hainbat emanaldi egingo dituzte. Euskal zinemaren begirada emanaldiak, esaterako, apirilean zendu zen Juanba Berasategi animaziogile eta ekoizleari, eta Benito Ansola zinegile eta apaizari eskainiko dizkiete. Zikloaren helburua euskal ikus-entzunezkoari ekarpen nabarmena egin dioten norbanakoei aitortza egitea da, eta aurtengoan Berasategiren Barriola, San Adriango azeria (2008) eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen pelikula (2005) eskainiko dituzte, baita Ansolaren Ipuin bat eta Asarre eguna (1980) film laburrak ere.

Irailaren 20an, bestetik, 65. Donostia Zinemaldian Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu duen Handia film euskalduna proiektatuko dute, egun horretan bertan helduko baita zinema areto komertzialetara. Dena den, programazioa osorik kontsutatzeko, sartu jaialdiaren atari berrituan.

Epaimahaia

Aurtengo epaimahaia, bestetik, Aitor Gametxo zinegile eta muntatzaileak, Arantza Lauzirika artista eta EHUko irakasleak, Natxo Rodriguez artista, ikertzaile eta EHUko irakasleak, Iratxe Urkiaga aktoreak, eta Kote Camacho zinegile eta ilustratzaileak osatuko dute. Eta profesionalen zein amateurren kategorietan, zuzendaritza, gidoi eta film onenen sariak banatuko dituzte.

Topagunearekin elkarlanean

Filmen proiekzioak ez ezik, bestelako ekintzak ere antolatu ohi dituzte Euskal Zine Bileran, eta aurten, berrikuntza moduan, Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Kameratoia film laburren rallyan egingo dute Lekeition. XIII. edizioa izango da, eta izen-ematea zabalik da urriaren 15era arte.