Donostiako Kresala Zineklubak 2017-2018 denboraldiko lehen bi hilabeteei dagokien emenaldi zerrenda kaleratu berri du. Saio gehienak tokiko elkarte eta jaialdiekin elkarlanean antolatu dituzte, tartean, Night of the Living Dead (George A. Romero, 1968) filmaren proiekzioa, urriaren 23an, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin.

Kresala-Zinekluba-Urria-Azaroa-Zinea.01Orotara bost emanaldi egingo dituzte urria eta azaroan, eta ohi bezala, 19:30ean izango dira proiekzioak, Donostiako Trueba zinemetan. Sarrerak 5 euro balioko ditu, nahiz eta emanaldi jakinen batean sarrera doakoa izango den, eta filmak aurkezteko gonbidatu bereziak izango dituzte saio bakoitzean.

Egitaraua:

  • Urriaren 9an, astelehena, Jerry Lewis zinegilearen The Nutty Professor (1963) filma eskainiko dute, eta Kresalako kide ohi Fernando Mikelajauregui arduratuko da aurkezpenaz.
  • Azaroaren 6an, astelehena, Pobreza Cero plataformarekin antolatutako saioa egingo dute, eta Las lágrimas de África dokumentala eskainiko dute. Sarrera doakoa izango da, eta Amparo Climent zuzendariak aurkeztuko du emanaldia.
  • Azaroaren 13an, astelehena, Donostiako Kalapie elkartearekin elkarlanean, Hombre Eléctrico (Álvaro Muñoz Rodriguez, 2016) film laburra eta Les Triplettes de Belleville (Sylvain Chomet, 2003) animaziozko filma eskainiko dituzte.
  • Eta azaroaren 20an, azkenik, Blanca Zaragüeta eta Joseba Huegunen Aquí es posible, Comunicación S.L. film laburra lehenik, eta Girl Asleep (Rosemary Myers, 2015) komedia australiarra ondoren, izango dira ikusgai. Zaragüetak Kresala Zinekluba saria jaso zuen iaz, eta Huegunekin eta Enrike Amilibia aktorearekin batera, filmaren aurkezpena egingo dute.