Estreinaldiak: Irailak 29

Converso

David Arratibelen dokumentala 65. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean izan da ikusgai, nahiz eta aurretik, zuzendari onenaren garaikurra eskuratu zuen Malagako jaialdian. Zinegileak bere familian bertan bizi izan duten prozesuari erantzuna bilatu nahi izan dio ekoizpen intimista eta interesgarri honekin. Izan ere, senitarteko guztiak fede kristaura konbertitu dira, bera izan ezik. Horregatik, haien egunerokoa filmatuko du, elkarrekin zein bakarka, sortzen zaizkien dudei erantzuna emateko.

mother! (madre!)

Darren Aronofsky zinegilearen trhillerrak ez zuen inor hotz utzi Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zutenean, eta Donostian harrera epelagoa izan bazuen ere, oro har, ez zituen kritika onak jaso. Jennifer Lawrence eta Javier Bardem dira filmeko protagonista nagusiak. Senar-emazteak izango dira, eta elkarrekin, gizonarena zen eta sute baten ondorioz erabat suntsitu zen etxea birmoldatzen ariko dira. Gau batean, ordea, gizon misteriotsu bat helduko da etxera, lo egiteko leku baten bila. Emaztearen gogoen kontra, senarrak gaua bertan igarotzera gonbidatuko du ezezaguna, eta une horretatik aurrera, bikotearen bizimodu lasaia hankaz-gora jarriko duten jazoera arraroak gertatzen hasiko dira.

Operación Concha

Eta Donostia Zinemaldian ikusgai izan diren filmekin jarraituz, hona Antonio Cuadriren Operación Concha. Abra Producciones ekoizpen etxe euskaldunaren proiektuan Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramón Agirre eta Bárbara Goenaga euskal aktoreek hartu dute parte, besteak beste. Eta filma, hain zuzen ere, Donostia Zinemaldian girotuta dago. Elejaldek Marcos Ruiz de Aldazábal izeneko enpresaria gorpuztuko du. Bere ekoizpen etxeak hondoa joko du, eta dirua lortzeko, inbertsore mexikar aberats bati ziria sartu nahiko dio Jordi Mollák gorpuztutako Ray Silvela aktore faltsuaren bidez. Entretenimentua helburu duen proiektua emanaldi berezi gisa eskaini zuten jaialdian.

La cordillera

Ricardo Darín Donostia Saria jasotzera ekarri du gurera Santiago Mitre zinegilearen berrienak. Darínek Hernán Blanco argentinako presidentea gorpuztuko du filmean, eta familia zein politika nahasiko dituen drama bati aurre egin beharko dio Txilen egingo duten Latinoamerikako goi-bilera batean. Aktore taldean Dolores Fonzi 65. Donostia Zinemaldiko epaimahaia nagusiko kidea, Gerardo Romano eta Paulina García aktoreak aurki ditzakegu. Argentinaren, Frantziaren eta Espainiaren artean osatutako ekoizpena da, eta Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten.

La llamada

Arratibelen Converso dokumentalak landutako gaitik gehiegi aldentzen ez den ekoizpena da, ostera, Javier Ambrossi eta Javier Calvo zinegileen La llamada, baina komedia musikal formatuan. Filmeko protagonistak Macarena Garcíak eta Anna Castillok gorpuztutako María eta Susana dira, eta proiektuaren oinarrian 2013an arrakasta handiz estreinatu zen musikal homonimoa dago. Bi neskak La brújula izeneko udaleku kristauetara joango dira, nahiz eta festa egitea eta reggaetoia entzutea gustuko duten. Baina bat batean, Mariari Jainkoa azaltzen hasiko zaio, eta bi nesken pentsamoldea aldatzen hasiko da.

Phantasm: Ravager (Phantasma: Desolación)

Phantasm sagako bosgarren filmak herriz herri hildakoak bere armadarako errekrutatzen jarraituko duen gizonaren istorioa kontatuko du. Botere psikikoak garatzen ariko den Mikek eta haren anaiak hiltzailea gelditzeko ahalegina egingo dute. Reggie Bannister, A. Michael Baldwin, Kathy Lester eta Bill Thornbury aktoreek David Hartmanen aginduetara egin dute lan beldurrezko ekoizpenean.

The King of Rock and Roll

Iván Muñizek zuzendutako dokumentalak Paul Zinnard musikariaren ibilbidea izango du aztergai. The King of Rock and Roll kantaren egilea da Zinnard, eta diskoaren grabaketa prozesua erakutsiko du filmak.