Errenteria Film Laburren Jaialdira lanak aurkezteko epea, zabalik!

Errenteria Film Laburren XXII. Jaialdia azaroaren 16an, 17an eta 18an egingo dute, eta deialdira lanak aurkezteko epea zabalik izango da urriaren 8ra arte. 2015etik aurrera osatutako filmak lehiatu daitezke aurtengo jaialdian, bakarka zein taldean osatutakoak, beti ere, hamabost minututik beherako iraupena badute.

Errenteria-Film-Laburren-Jaialdia-01

Lanen bidalketa errazteko, antolatzaileek Clickforfestivals eta Festhome plataformak jarri dituzte parte hartzaileen eskura urriaren 8ra bitarte. Hamalau urtetik gorako egileen lanak onartuko dituzte, eta erabilitako hizkuntza euskala ala gaztelania izan beharko da.

Aukeratutako filmak azaroaren 16tik 18ra egingo duten Errenteria Film Laburren Jaialdian aurkeztuko dituzte, eta bost lagunek osatutako epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu hilaren 18an bertan. Zuzendari onenaren saria (1.000 euro), animaziozko film labur onenaren saria (600 euro), fikziozko film labur onenaren saria (600 euro), film labur dokumental onenaren saria (600 euro), ikusleen saria (300 euro), euskarazko film labur onenaren saria (600 euro) eta Oarsoaldeko film labur onenaren saria (300 euro) banatuko dituzte, bainta hainbat gazte sari ere.

Film irabazleak azaroaren 19an egingo duten sari-banaketa ekitaldian aurkeztuko dituzte, eta egileek garaikurrak jasoko dituzte orduan.

Informazio gehiago eta jaialdiaren oinarriak topatuko dituzue festibalaren orrialdean.